Udaltzaingoaren inguruko memoria aurkeztu dute
Udaltzainen datuak azaltzeaz gain, ostiralean egindako Segurtasun eta Bizikidetza Batzordearen lehen bilkurako balantzea egin du Cristina Laborda ordezkariak.
Cristina Laborda Udaltzaingoko ordezkariak bere departamentuaren 2022ko datuen memoria aurkeztu du, eta iragan ostiralean egindako Segurtasun eta Bizikidetza Batzordearen lehen bilkurako balantzea egin du.
Labordak zehaztu du Irungo Udaleko talde guztiek, “aho batez”, itun bat hitzartu zutela “klima soziala hobetzen laguntzeko neurri prebentziozko polizial eta judizialak hartzeko, hiriek segurtasun, askatasun eta ongizate espazioak izan behar dutelakoan”. Itun horren esparruan sustatutako neurrietako bat batzordearen eraketa izan dela aipatu du udal ordezkariak, eta sortzearen arrazoiak plazaratu ditu: “Printzipio komun batzuk finkatzea eta lehentasunei erantzutea da helburua, hirian bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko”.
Ildo horretatik, Labordak bere departamentuaren jarduna azaldu du, iazko datuak jasotzen dituen memoriarekin batera. Dokumentuak lantzen dituen gaien artean, udaltzainen egiteko nagusiak aipatu ditu. Plantillan zazpi agente berri sartu dituztela jakinarazi du. Horrez gain, zerbitzua berrantolatzeko proposamenaren inguruan ere mintzatu da, zeina “laster” zehaztea espero duten, “zerbitzuaren kalitatea hobetu eta beharrizanetara egokitzeko”.
Labordak adierazi duenez, “berriki” hartutako beste neurri bat “berrerortze kasuetan zigorgabetasunik izan ez dadin epaileekin harremanetan jartzeko bide bat” sortu izana da.
Datuak
Ordezkariak nabarmendu du Udaltzaingoaren atxiloketen kopurua %53 handitu zela 2022an, eta gehienak bide segurtasunaren kontrako arau hausteengatik eta osasun publikoaren kontrako delituengatik izan zirela. Orotara, 135 atxiloketa egin zituzten.
Arau hausteei aurrea hartzeko elementu nagusietako bat karrikak direla baietsi du Labordak, hirian barrena bikoteka eta oinez egiten diren patruila lanak. Delituen intzidentzia kontuan izanda egiten direla aurreratu du Labordak. 2022an 1.966 egin ziren, 2021ean baino %10 gehiago.
Memorian aipatutako beste gaietako bat izan da udaltzaingoen material eta ekipamendua hobetu izana, Segurtasun eta Bizikidetza Planaren barruko beste neurri bat izanik. 2015etik iaz bitartean, orotara 1,7 milioi euroko inbertsioa egin dela esan du udal ordezkariak, ibilgailu berriak erosi eta automobil parkea handitzeko, bide publikoan kamera gehiago instalatzeko, jantziak berritzeko eta udaltzaingoaren terminalak eta beste elementu batzuk eguneratu eta materiala garai berrietara egokitzeko.
Egiturari dagokionez, plantilla 104 agentek osatzen dutela jakinarazi du Labordak, 7,1 milioi euroko aurrekontuarekin. Memoria osoa Irungo Udalaren webgunean kontsulta daiteke.