Hiru domina lortu dituzte BATeko kideek
16 urtez azpiko pista estaliko Espainiako Txapelketan eta 20 kilometroko ibilketako probako Espainiako Txapelketan izan dira kirolariak asteburuan, eta sasoi paregabean daudela erakutsi zuten.
Bidasoa Atletiko Taldeko kideek sasoi paregabean daudela erakutsi zuten berriro asteburuan. 16 urtez azpiko pista estaliko Espainiako Txapelketan eta 20 kilometroko ibilketako probako Espainiako Txapelketan izan dira kirolariak, Ourensen eta Kordoban, hurrenez hurren. Orotara, hiru dominarekin itzuli dira etxera, zilarrezko bi eta brontzezko bat. Zilarra Naia Llorentek eta Ana Pulgarinek lortu dute, eta brontzea, aldiz, Egoitz Mikelarenak dakar etxera.
16 urtezazpiko pista estaliko Espainiako Txapelketa
BATeko bost kidek hartu zuten parte Ourensen lehiatu zen txapelketan, eta emaitza bikainekin itzuli dira etxera. Bi domina eta laugarren postu bat izan da kirolari gazteen balantzea.
Emaitza esanguratsuena Naia Llorentek lortu zuen, bigarren sailkatu baitzen altuera jauziko proban, 1,72 metroko jauziarekin. Jauzi horrekin, gainera, Euskadiko 16 urtez azpiko errekor berria ezarri du. Galiziara 1,64 metroko markarekin joan zen, eta zortzi zentimetroan hobetu du bere aurreko erregistroa.
Ourenseko beste domina Egoitz Mikelarenak dakar etxera, hirugarren izan baitzen 300 metroko proban. 36,68 segundotan gelditu zuen denbora, eta bere marka onena ere lortu zuen.
Jon Gajate, berriz, dominetatik oso gertu geratu zen, laugarren sailkatu baitzen 60 metroko hesien proban, 8,55 segundoko denborarekin. Bere kideen antzera, Gajatek ere bere marka onena erdietsi zuen.
Galizian lehiatu ziren beste bi kideak Hugo Vazquez eta Alai Cabello izan ziren, biak ala biak 1.000 metroko proban. Finalerdietan izan ziren, baina ezin izan zuten finalerako sailkapena lortu.
20 kilometroko ibilketako probako Espainiako Txapelketa
Ana Pulgarin izan zen Kordobako ibilketako proban lehiatu zen atleta bakarra. 23 urtez azpiko mailan aritu zen kirolari gaztea, eta emaitza paregabearekin dator etxera, bigarren postuan sailkatu baitzen, zilarrezko domina lortuta. 1:36,50eko denbora egin zuen, eta Galizian lehiatu ziren kideen antzera, Pulgarinek ere bere marka onena lortu zuen.