Finantza gaietan trebatzeko aukera, ostegunean
65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta helburua da adinekoen finantza esparruko digitalizazio handitzea. Saioa Luis Mariano zentro sozialean izango da, 17:00etan.
Kontsumitzaileen Informaziorako Irungo Udal Bulegoak eta KontsumoBidek 65 urtetik gorako pertsonak finantza gaietan trebatzeko tailer bat emango dute ostegunean, hilak 30, 17:00etan, Luis Mariano zentro sozialean.
Ikastaro horren helburua da belaunaldien arteko eten digitala txikitzea eta adinekoen finantza esparruko digitalizazioa handitzea, adinekoen autonomia eta segurtasun digitala areagotzeko.
Tailerrak teoria eta praktika konbinatuko dituela aurreratu dute antolatzaileek. Adinekoak finantzen munduan beren kabuz eta arriskurik gabe moldatzeko beharrezkoak diren ezaupide eta tresnak emango direla gaineratu dute, oinarrizko eragiketak egin ahal izan ditzaten; hala nola, bankuko saldoaren eta kontuko mugimenduen kontsulta eta transferentziak.
Saioa doakoa izango da, aretoko edukiera bete arte.