Eguzkik ez du lorpentzat jo Errenteria-Irun bidegorri sarearen proiektua
Oinarrizko bidegorri sarearen parte dela Donostia-Irun artekoa diote eta 2021erako bukatuta egon behar zuela. Gipuzkoan egiteke dauden bidegorri zatien zerrendara gehituko dela hau ere uste dute.
Eguzki Talde Ekologistak ez du oso erreal ikusten Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den astean Errenteria-Orereta eta Irun artean egingo dute bidegorri sarea burutzea.
Izan ere, gogoratu dute 2013an onartu zuela Batzar Nagusiak Bizikleta Bideen Plana, eta txosten horren arabera, 2021etik erabilgarri behar luke Donostia-Irun bidegorriak. Ildo horretan, salatu dute ere oraindik bidegorri-proiektua ez dutela ezta aurkeztu ere egin, azterlana dela ondu duten bakarra, “hau da, proiektuaren aurreko dokumentua”.
Azterlan horretan jasota dago Gipuzkoako hiriburutik, herrialdearen ekialderaino doan zatia 6 urtetan egin behar zutela. Iragan ostiraleko agerraldian Rafaela Romerok baieztatu zuen hori: 2029rako amaituta egongo zela. “Beraz, 2021ean martxan behar zuena 2029ra atzeratu dute” deitoratu du Eguzkik.
Aldundiak ezarritako epe muga egia litzatekeela “optimismo handia izanda” diote, “kontuan hartu behar delako Gipuzkoako bidegorriek atzerapenak bata bestearen atzetik metatzen dituztela”.
Hainbat adibide zerrendatu dituzte bukatu gabeko zatiak ikusarazteko, esaterako, Lezo eta Pasai Donibane artean bidegorria bukatzeko falta diren 270 metroak. “Atera kontuak zer gerta daitekeen Errenteria eta Irun bitarteko 10 kilometroetan”.
Eguzkik azaldu du 2013ko Planean bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez dela egin behar egiaztatzeko “asko direla, gehiegi, bukatu gabe edo, are gehiago, hasi ere egin gabe daudenak: Usurbil-Santuene; Usurbil-Orio; Narrondo-Zestoa; Mutriku-Saturraran; Errekalde-Galarreta, Bergara-Antzuola…”.
Sei urtetan egitea aurreikusi dutena oinarrizko sarea dela nabarmendu nahi izan du talde ekologistak, eta eskualdeko beste bidegorri proiektuen egoerari erreparatuta aurreikusi du Eguzkik “beste hamabost edo hogei” urte beharko direla lanekin bukatzeko.
Beraz, Errenteria-Irun arteko bidegorriaren azterlana ezin dela “lorpentzat hartu” gaitzetsi dute, “ezta mugikortasun iraunkorrarekiko konpromisoaren islatzat ere”. Izan ere, zerbaiten isla baldin bada, “Foru Aldundiak Bizikleta Bideen Plana zer puntutaraino urratu duen isla da”.