EAJ: "Osakidetzak baztertu egin du zentroko anbulatorio zaharra handitzea"
Via Irun gauzatuko den eremuan anbulatorioa eraikitzen hasteko urratsak ematen hastea eskatu dute jeltzaleek. Horretarako, lehenik Plan Orokorraren Aldaketa onartzea nahi dute.
Irunen osasun baliabideen zerbitzua handitzearen beharrari eutsi dio berriz ere EAJk. Erdigunean, Via Irun proiektua gauzatuko den eremuan, anbulatorio berri moderno baten alde daudela berretsi dute, “hiriko anbulatorio nagusiak erdigunea izan beharko luke, biztanleen joan etorriak saihesteko”.
Osakidetzak orain Lapitzen dagoen anbulatorioa handitzeko azterketa egin duela Jose Antonio Santanok hala eskatuta baieztatu dute jeltzaleek. “Baina, paperaren gainean eraikinaren bolumena handitzeko aukera badago ere, praktikan, eta laguntza-zerbitzu baten izaera eta beharrak kontuan hartuta, lurzoruaren eskuragarritasun horrek ez u esan nahi lurzorua hazteko benetako aukerarik dagoenik”.
Baztertu egin dute, bada, EAJk eta Osakidetzak oraingo erdiguneko anbulatorioa handitzea eta bi aukera posible daudela mahai gaineratu du alderdi jeltzaleak: “Batetik, EAJren proposamena dago, anbulatorio handi berri bat eraikitzea zentroan. Oinaurren txiki bat izateaz gain; Bestetik, Santanoren proposamena, anbulatorio nagusia eta berria Oinaurrera lekualdatzea, Irungo kanpoaldean, Katea inguruan”.
Bi aukera horien aurrean jeltzaleek erdiguneko proiektuaren eta Oinaurren beste txiki bat eraikitzearen alde “tinko” egingo dutela diote. “Are gehiago, jakin badakigunean, anbulatorio hau lau urteren buruan egon daitekeela erabilgarri, betiere modu gainjarrian eta eraginkorrean lan egiten bada”.
Proiektua martxan jartzeko eman beharreko urratsez ere aritu dira: “Plan Orokorraren Aldaketa onartu, Urbanizazio Proiektua faseka egin, udalak anbulatorioko partzela esleitu eta Osakidetzari aldez aurretik lagatzea, honek urbanizatu eta Irunek behar duen anbulatorio nagusi handia eraiki dezan”.
Via Irunen egin nahi duten anbulatorioaren kokalekuan ibilgailuen biltegi bat dagoela azaldu du EAJk eta lehenik eta behin, hori lekualdatu behar litzatekeela dio. Bilaketa horri ekiteko eskaera zuzena egin diote Hirigintza arloari.