Lurpeko aparkaleku baten kokalekua zein izan aztertu dute
Udalerri Batzordea atzo elkartu zen eta ondorioztatu zuten Jabier Ugarte edota Donostia kalea direla aparkalekua egiteko lekurik hoberenak.
Atzo bildu zen Udalerri Batzordea eta lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko kokapenari buruz aritu ziren. Ideia hori Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko prozesuan jaso zen, hain zuzen, azterlan geotekniko bat izan zen eskatu zena.
Azterketak lurpeko aparkalekua egiteko hiru eremu ikertu ditu: Damarri plazaren ingurua, Jabier Ugarte plazaren ingurua eta Donostia kalearen ingurua.
Azken urteetan beste kokapen batzuk ere proposatu ziren, esaterako, Benta edota Zezen Plaza, baina horiek baztertu egin dituzte: “Lehenengoa, udal lur bat ez izateagatik eta horrek prozesua zailduko lukeelako; bigarrena, ikuspegi arkeologikotik ez delako komeni, harresiaren kontraeskarpak daudelako”. Arrazoien berri Maria Serrano batzordeko presidenteak eman zuen.
Ikerketak ondorioztatzen du aukera egokienak, bada, Jabier Ugarteren eta Donostia kalearen inguruak direla. Aldiz, Damarri baztertu egin dute ere, “haren ezaugarri geoteknikoek ez baitute aparkalekua eraikitzea gomendatzen”. Txostenean eremu bakoitzaren ezaugarriak eta eraikitzeko modua zehaztu dituzte.