[Erreportajea] Lur Alai, mugen gainetik squashean bidea egiten
Lur Alaik hamar urte daramatza mediatikoa ez den kirol bati ahotsa ematen. Artalekun bideratzen dute eguneroko jarduna, baina gatazka betean daude udalarekin. Beren espazioa aldarrikatzen dute.
Jakina da squasha ez dela kirol mediatikoa. Kirol horren gaineko informazioa jasotzea ez da erraza izaten, baina muga guztien gainetik, Irunen bada squashean bidea egiten ari den talde bat: Lur Alai Squash Kluba. Aurten, gainera, zorioneko daude, klubaren hamargarren urteurrena ospatzen ari baitira, kirol horretan osatzen ari diren bidearen seinale. Duela hamar urte jarri ziren martxan, helburu argi batekin. «Squasharen egoera kezkagarria zen. Pistak hutsik zeuden eta klub bat sortu genuen squasharen dinamizazioan hasteko eta pistak berriro betetzeko. Hamar urteren ondoren, gure helburuak betetzen joan gara», adierazi du Gorka Arretxe klubeko arduradunak.
Bere garaian modan egon zen kirola izan arren, beheranzko joera izan du squashak azkenaldian. Hala ere, Lur Alaik kirol hori eskualdean egonkortzea lortu du, lan handia eginda. Momentu honetan 80 bazkide ditu klubak, eta pistak berriro betetzea eta ez ixtea lortu dute. «Lehen ez zegoen aukerarik, eta squasha dinamizatzen hasi ginenetik, jende gehiago dator gugana, asko Irundik kanpokoak. Erabat lagundu dugu squasharen garapenean. Nahi duguna da squasha babestea eta salbatzea, hilzorian dagoen kirol bat baita», esan du, harro, Arretxek.
Lur Alaik Artalekuko kiroldegian dauden lau squash pistetan bideratzen du eguneroko jarduna. Lau pistak «aspaldi» bete zituztela baietsi du Arretxek, eta beren asmoa «gora egitea» dela argi esan du.
Gatazka udalarekin
Orain, baina, Irungo Udalarekin «gatazka» betean sartu direla esan du Arretxek etsipenez, squasharen garapena ekiditen duena. Orain arte, Lur Alaik lau pista izan ditu Artalekun erabili ahal izateko, baina momentu honetan, soilik hiru dituzte astean zehar. Laugarren pista kiroldegiko gimnasioaren gehigarri bezala erabiltzen da, squasharen eremua murriztuz, klubari espazioa kenduz.
Pista horiei «erabilera egokia» ematen ez zaienez, hondatzen ari direla esan du klubeko arduradunak: «Pistak gero eta egoera tamalgarriagoan daude, erabat utziak, okerrera doaz, eta badirudi ez zaiela inporta. Boikoteatzen ari gaituzte, argi dago erditik kendu nahi gaituztela».
Arretxek azaldu du udalak «denetariko aitzakiak aurpegiratzen» dizkiela, esanez Artalekun ez dagoela leku nahikorik: «Instituzioek squasha bermatzea eta babestea nahi dugu. Mingarriak iruditzen zaizkigu udalak jarritako aitzakiak. Hamar urte betetzean eta ikusita izan dugun bilakaera, gure lana horrela aitortzea iraingarria iruditzen zaigu».
Klubeko arduradunak jakinarazi du azkenaldian Irungo beste hainbat kirol instalazio hobetu edo berritu direla, baina Lur Alairen kasuan ez da horrela izan, beren espazioa murriztu baitute. Arretxek argi du zergatia: «Hauteskundeen atarian gaude, eta hainbat proiektu jarri dituzte martxan, gure ustez, bozken bila. Squashak, 80 pertsonarekin, ez du jende asko mobilizatzen eta ez du bozkarik erakartzen. Etekin horretan soberan gaude». Dena den, Arretxek argi esan nahi izan du ez dutela «kluben aurkako iritzirik plazaratu nahi», eskatzen duten bakarra da «beste klubekiko begirune bera» izatea, «gutxienez» dituzten pistak mantentzeko.
Lur Alaik uste du atzetik «etekin ekonomiko» bat dagoela. Arretxek aipatu du udalak bazkide gehiago erakarri nahi dituela, baina Artalekun ez dago espazio nahikoa, eta bitartean, squasheko pistak hartzen dituzte. «Uste dugu ezkutatzen dutena enpresari mesede egiteko neurri bat dela. Squasha ez da eraginkorra ekonomikoki eta hor beste jarduera batzuk sartu nahi dituzte. Udala zerbitzu publikoa den heinean etekin ekonomikoa baztertu behar duela argi daukagu, eta gure kirola defendatuko dugu».
Txapelketak
Kirol arloan, Lur Alaik hilero barne ligaxkak antolatzen ditu, baina klubaren jarduna ez da ate barrura mugatzen, kanpora begirako txapelketak ere antolatzen baitituzte, herrikoiak zein federatuak. Squash eskola ere badute, klubera bertaratzen diren kide gazteentzako.
Aurten, klubaren hamargarren urteurrenaren harira, hamar txapelketa antolatuko dituztela aurreratu du Arretxek, bat klubaren urte bakoitzeko, Lur Alairen ibilbideari aitortza eginez. Horietatik bi nabarmendu ditu Arretxek. Lehenik eta behin, Euskadiko Squash Txapelketa jokatuko da Irunen, hilaren 31tik apirilaren 1era. Bestetik, Espainiako Emakumeen Squash Txapelketa antolatu dute apirilaren 21etik 23ra. Lehiaketa horrekin, «emakume jokalari onenak erakarri eta ikusgarritasuna indartu» nahi dutela zehaztu du Arretxek, eta txapelketari Alicia Txoperena izena jarri diote, Irungo jokalari ohiari aitortza egiteko.