EAJk hiru proposamen egingo ditu Segurtasun eta Bizikidetzarako Batzordean
Batzordea gaur bilduko da, eta Xabier Iridoik hiru gai proposatuko ditu, "segurtasuna bezalako gai garrantzitsu batean urratsak emateko".
Agintaldiaren hasieran, 2019ko azaroaren 22an, udal gobernuari eta Jose Antonio Santano alkateari Irunen Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko ituna garatzeko proposatu zietela adierazi du Irungo EAJk, “segurtasunaren arloan jarduteko, balioak jorratzeko, lehentasunak aintzat hartzeko eta lortu beharreko segurtasun emaitzak bateratzeko eta irundarrei Irun hobe bat eskaini ahal izateko”.
“Tamalez” itun hori “errealitate bihurtzeko” 2022ra arte itxaron behar izan dutela esan dute jeltzaleek. Itun hori “urrats sendo eta eraginkorra” izango zela aurreikusten zuen EAJk, baina “esamesetatik ekintzetara” tarte bat dagoela gaineratu dute. “Santano alkatea gure hirian gertatzen ari dena onartu nahi ez duela ikusarazten ari da. Ez da arduratsua Irunen arazorik ez dagoela esatea, herritarrek egunero bizi duten segurtasun eza salatu besterik egiten ez dutenean”, esan dute.
Errealitate horren aurrean alkatea Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko ituna “behar bezala” betetzen ari ez dela nabarmendu dute jeltzaleek: “Urte erdi baino gehiagoz luzatu da Segurtasun eta Bizikidetzarako Batzorde Iraunkorraren eraketa eta deialdia, nahiz eta EAJtik hilabeteak daramatzagun honen garrantzia gogorarazten eta ituna betetzeko eskatzen”.
“Itxaronaldi luze” baten ondoren, batzordea gaur bilduko dela aurreratu du alderdi jeltzaleak. Bertan, Xabier Iridoi bozeramaileak hiru proposamen egingo dituela jakinarazi dute, “segurtasuna bezalako gai garrantzitsu batean urratsak emateko”. “Irunek ezin du gehiago itxaron, lanean hasi behar dugu, neurriak hartzen. Irundarren segurtasunaz ari gara. Elkarlanean eta arduraz jardun behar dugu, lehentasunezko gai baten aurrean gaude eta. Horregatik, lehen batzorde honetarako lehen hiru proposamen landu ditugu”, azaldu du Iridoik.
- Udaltzaingoaren plantillan giza baliabideak gehitzea.
- Irunen egiten ari diren azken delituei buruzko azterketa zehatza, delituen balizko errealitate berri baten kasuak eta konponbideak ezagutzeko.
- Poliziaren presentzia areagotzea hiriko gune gatazkatsuenetan.