'Burdina historian zehar' argazki lehiaketa sortu dute
Oiasso Museoak bat egin du Pirinioetako Burdinaren Bidea elkartearen egitasmoarekin, sareko museo eta monumentuen ondare siderurgikoa ezagutarazteko helburua duena.
Oiasso Erromatar Museoak bat egin du Pirinioetako Burdinaren Bidea elkartearen egitasmoarekin, eta ‘Burdina historian zehar’ argazki lehiaketaren lehen ekitaldia sortu du, sareko museo eta monumentuen ondare siderurgikoa ezagutarazteko. Pirinioetako Burdinaren Bideak Gipuzkoatik Kataluniara darama, eta Andorrako eta Akitania Berriko museo eta monumentuak ere hartzen ditu barnean.
Lehiaketa horretan argazkilaritza gustuko duten eta burdingintzaren eta siderurgiaren lekukotasunek erakartzen dituzten guztiek parte har dezaketela eutsi dute antolatzaileek. Aurkezten diren argazkiek sariketaren gaiarekin lotuta egon behar dutela jakinarazi dute, eta xehetasun arkitektoniko batean edo lehiaketaren gaiarekin lotutako gai batean arreta jar dezaketela gaineratu dute.
Lehiaketan parte hartzeko, interesdunak Pirinioetako Burdinaren Bidearen webgunean sartu behar direla adierazi dute antolatzaileek, bertan izena eman eta argazkiak igotzeko. Pertsona bakoitzak gehienez bi argazki aurkez ditzakeela zehaztu dute. Informazio gehiagorako, Oiasso Museoaren webgunean kontsulta daiteke.
Horrez gain, Oiasso Museoak doako bisitak antolatu ditu larunbatero, 11:00etatik 12:00etara, Irugurutzetako interpretazio zentroan, herritarrek zentroa bisitatzeko eta argazki lehiaketan parte hartzera animatzeko. Orotara, lau bisita gidatu antolatu dituzte. Hilaren 25ean eta apirilaren 8an, gaztelaniaz, eta apirilaren 1ean eta 15ean, euskaraz. Izen-emateak Oiasso Museoaren bidez egin behar dira, 943 63 93 53 telefonora deituta.
Erromatarren garaitik XX. mendera arte, meatzaritza lan nabarmenak egin dira Aiako Harrian, eta Irugurutzetan bada ondare industrialaren eredu interesgarri bat. Meatzarien rola oso garrantzitsua izan da Irunen historian ere.