Arte Digitalaren lehiaketa bueltan da
Arte digitaleko teknikak erabiliz, parte hartzaileek Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko lurraldeko paisaiei erreferentzia egin beharko diete. Lanak uztailaren 23a arte aurkez daitezke.
Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, ‘Ibai izena duen herrialde bat’ Arte Digitalaren lehiaketaren bigarren ekitaldirako deialdia egin dute. Lanak aurkezteko epea zabalik da jada, eta uztailaren 23a izango da horretarako azken eguna.
2018tik, arte sorkuntzako lehiaketak antolatzen direla zehaztu du partzuergoak, Bidasoko Interpretazio Zentroaren animazio programaren zati gisa eta herritarrek parte hartzeko tresna gisa, ondare historikoa eta naturala babesteaz eta baloratzeaz sentsibilizatzeko, Bidasoko Interpretazio Zentroan erakusketak antolatzeko eta lurraldearen aberastasun historikoa eta naturala erakusten duten irudi base bat eratzeko.
Iazko edizioa Arte Digitalera bideratu zela gogorarazi du partzuergoak, eta aurten formatu horri eutsi diotela gaineratu dute.
Parte hartzeko baldintzak
Lehiaketan parte hartzeko beharrezkoa da 30 urte baino gutxiago izatea. Artelan bakarra aurkez daitekeela adierazi dute, arte digitaleko teknikak erabiliz eta Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko lurraldeko paisaiei erreferentzia eginez. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua da lurraldea identifikatzen duen ingurune natural batean eta Irun, Hondarribia eta Hendaiako mugen barruan lekurik esanguratsuenak irudikatzea.
Lan irabazleak 500 euroko saria jasoko duela aurreratu dute antolatzaileek, eta aurkez daitezke jada, uztailaren 23a arte.
Informazio gehiago eta lehiaketaren oinarriak Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren webgunean kontsulta daitezke.