Bizikleta ardatz, topaketa larunbatean Palmera Monteron
Balazta, Badoa eta Recycl'Arte elkarteek Bidasoa Bizikletaz proiektua abiatu zuten otsailean. Programazio horren barruan jardunaldi bat antolatu dute, Nafarroa, Akitania eta Euskal Herriko beste elkarte batzuekin.
Balazta, Badoa eta Recycl’Arte elkarteek Bidasoa Bizikletaz proiektua abiatu zuten otsailean, hiriko bizikletaren erabilera bultzatzeko eta sustatzeko xedearekin. Egitasmo horren barruan hainbat ekitaldi eta tailer antolatu dituzte, otsailetik ekainera.
Proiektuaren baitan, topaketa jardunaldi bat antolatu dute larunbat honetarako, hilak 25, Palmera Monteron, egun osoko programazioan, Nafarroa, Akitania eta Euskal Herriko beste elkarte batzuekin. Orotara, 30 elkartek eman dute izena topaketan.
Jardunaldiak erakunde formatutik kanpo planteatzen dituztela azaldu dute antolatzaileek, eta honako helburuak ezarri dituztela jakinarazi dute:
- Gonbidatutako elkarteen artean elkar ezagutzea, haien jardun eremuetan egiten duten lana, bai eta haien antolamendu eredua, egitura eta barne funtzionamendua ere ezagutzea.
- Esperientziak, elkarte bakoitzak garatzen dituen proiektuak, ematen dituzten zerbitzuak, arrakastak eta porrotak partekatzea, eta haien helburuak lortzeko zailtasunei buruz hausnartzea.
- Lankidetza bideak eta sinergiak aztertzea, proiektu eta ideia berriei ateak ireki ahal izateko eta, horrela, ikuspegia handitzeko, mugikortasun iraunkorraren aldeko borrokan indar eta eraginkortasun handiagoz lan egiteko.
Horrez gain, jardunaldia lan mahai edo tailerren dinamika batekin egituratzea pentsatzen ari direla adierazi dute antolatzaileek, honako gaiekin:
- Herritarrentzako bizikletaren erabilera sustatzeko jarduerak: bizikleta busa, bizikleta eskolak, mekanika ikastaroak, bizikleta festak, adinekoentzako ibilaldiak trizikloan eta bestelako ekitaldiak.
- Aholkularitza edota presio jarduerak, erakundeek bizikleta sustatzeko azpiegitura eta politika iraunkorrak gara ditzaten (tresnak, foroak eta zailtasunak).
- Hiriko bizikletaren alde lan egiten duten elkarteen artean egon daitezkeen sinergiak eta elkargunean aztertzea (proiektu bateratuak planteatzearen azterketa eta bideragarritasuna).