Aurora Bengoetxearen lana, Menchu Gal aretoan
Bengoetxearen 30 obra ikusi ahalko dira martxoaren 24tik maiatzaren 28ra. Dualismoan eta paisasia-figuren gaietan asko oinarritzen zen artista donostiarra.
Kultura arloak antolatuta eta Aurora Bengoetxea artistaren lagunen eta haren ahizpa Elena Bengoetxearen ahaleginaren ondorioz, Aurora Bengoetxea berrikusten erakusketa zabalduko dute bihar, Menchu Gal aretoan. Martxoaren 24tik maiatzaren 28ra bitarte egongo da ikusgai.
Guztira hogei eta hamar obra dira aretoan bildutakoak eta margolanak badira gehiengoak ere, litografiak eta collageak ere jarriko dituzte, baita ere egunerokoetako beste lan batzuk ere. Erakusketa osatzeko ikus-entzunezko pieza bat egongo da. Margolanen gainean udalak nabarmendu du horietako bi San Telmo Museoak berriki erosi dituela.
Ibilbide luzea eduki zuen Bengoetxeak, guztira 374 olio-pintura egin zituen eta haren “kosmos handiko” puska txiki bat da Irunera ekarritakoa. “Batzuk inpaktu handikoak dira, eta Aurorak horiek pintatzean izandako pasio bizia islatzen dute”.
Bengoetxearen lana
Bere inspirazioen artean Picasso dagoela azaldu du udalak, “izatez, kubismoan inspiratu zen lizentziatura amaierako lanean”. Horrez gain, pintura klasiko espainiarra eta Italiako Pizkunde garaiko artistak gustatzen zitzaizkion, edota Paolo Uccelo, Matisse, Chagall, Kandinsky, Anselm Kiefer etab.
Bengoetxearen obrak koloristak dira, eta fantastiko gisa definitu du Kultura arloak figurak eta paisaiak nahasten dituenean. “Horrela, gizakia naturara itzultzeko beharra azpimarratzen du beti, eta irmo islatzen du bere indarra mihisean”.
Margolari profesionala izan nahi zuen eta lortu egin zuen. Bi etapa izan zituen bere ibilbideak. Lehena, 1961tik 1981ra bitartekoa; bigarrena 1981tik 1985era artekoak. Bere lanek identitatea daukate eta pintura indartsu gisa defini daiteke. “Lan horiek indarra, maitasuna eta pintatzeko pasioa transmititzen dute”.
Landu ohi zuen tematikek ikuspuntu duala izaten zuten: bikote harremanak; gizona eta emakumea; kontrastea; hiria eta landagunea; barnealdea eta kanpoaldea; gaua eta eguna; lurra eta itsasoa; banatzea; eztabaida; osagarria; errefusatzea eta erakartzea. Trafikoaren larritasuna eta naturaren kutsadura ere landu zituen.
Ordutegia
Bisitarako ordutegiak ohikoak izango dira: ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara (astelehenetan itxita). Aste Santuan, ezohiko ordutegiak hauek izango dira:
Ostirala, apirilak 7: 11:30etatik 13:30etara.
Larunbata, apirilak 8: 18:00etatik 21:00etara.
Igandea, apirilak 9: 11:30etatik 13:30etara.
Astelehena, apirilak 10: Itxita.
Pazko Astea: asteartea 11, asteazkena 12 eta osteguna 13: 18:00etatik 21:00etara.
Ostirala 14: ohiko ordutegia berriro.
Astelehena, maiatzak 1: Itxita.