V. Berdintasun Planak erantzunik gabe jarraitzen duela esan du Elkarrekin Podemos-IUk
Alderdi moreak adierazi du "ez talde politikoek ez alkateak berak" ez dutela erantzunik eman gaiaren inguruan.
“Alkateak emandako V. Berdintasun Planari buruzko Emakunderen gomendioak eta jarraibideak jaso ondoren, Miren Etxebeste Berdintasuneko ordezkariak jakinarazi zuen bezala, Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak aldaketak txertatu zituen irizpenean”. Irungo Elkarrekin Podemos-IUko hitzak dira horiek, eta V. Berdintasun Planaren inguruan ari dira, horren harira sortutako tirabirak aurrera jarraitzen baitu.
Alderdi moreak zehaztu du Emakundek eskatzen zituen aldaketen artean, “alarde berdinzaleak Irungo Udalarentzat dituen erronkei erantzuteko beharra” aipatzen zela. Elkarrekin Podemos-IUren ustez, puntu horrek nabarmentzen du “elkarteek eta kolektiboek, berdintasun batzordeko talde politikoen ordezkariek eta V. Berdintasun Planaren zirriborroa egiten parte hartu zuten teknikariek egindako parte hartze lana”.
V. Plana, “Emakunderen jarraibideak jasota”, alkatetzara bidali zela jakinarazi du alderdi moreak, eta gainerako talde politikoetara otsailaren 13an. Aldi berean, gaineratu dute, plan hori izapidetzeko espediente elektronikoan sartu zela, prozesu tekniko osoa azaltzen duen txosten luze batekin batera.
Harrezkero, Irungo Elkarrekin Podemos-IUk salatu du “ez talde politikoek ez alkateak berak” ez dutela erantzunik eman gaiaren inguruan. “Berdintasunerako Ordezkaritzak bere esku zuen guztia egin du, eta orain alkatearen V. Planean esku hartzeko ad hoc sortutako Bozeramaileen Batzordearen esku dago plana onartzeko eman beharreko urratsak eman daitezela”, adierazi du alderdi moreak.