Abestiak grabatzen laguntzeko 10.000 euroko diru-laguntza da sortu dutena Elkar argitaletxeak, Antxeta irratiak eta EHZ Festibalak.
Iñigo Muguruza musikari irundarrak arrasto handia utzi du Euskal Herriko musikan, eta orain, Paradisu zinema deituriko beka sortu dute haren aztarna gogoan izateko eta egungo musikarien lanak sustatu eta laguntzeko helburuarekin. Diru-laguntza honen berri eman zuten atzo Baionan haren sortzaile diren Elkar argitaletxeak, Antxeta irratiak eta EHZ Festibalak.
Grabatzeko xedearekin pentsatutako proiektuak aurkeztu behar dituzte musikariek, originalak izan behar dira eta euskaraz sortutakoak. “Ez dago beste mugarik” zehaztu dute.
Beka 10.000 eurokoa da eta irailaren 15ean irabazlea nor izan den jakinaraziko dute. Aldiz, 2024ko udaberria arte itxaron beharko da musikariaren obra publikoki ezagutzeko. Gerora, 2024ko EHZ Festibalean jotzeko aukera eskainiko zaio irabazleari, “EHZen helburua euskal artistak aitzinera eramatea da eszenatoki bat eskainiz”.
Lana gauzatzeko beka esleitzen denetik urtebeteko epea finkatu dute antolatzaileek sortutakoa entregatzeko eta epe horretarako lana osorik entregatzea zailtzen bada, gutxienez 10 abesti aurkeztu behar direla jaso dute oinarrietan.