Bidasoa Irun, Europako ametsa luzatzera
Bi asteko etenaldiaren ondoren, lehiara itzuliko dira gaur bidasoarrak Europa Ligako final zortzirenetako partidan. Lisboako Sporting jasoko dute Artalekun, 20:45ean.
Bi asteko etenaldiaren ondoren, Bidasoa Irun lehiara itzuliko da gaur, eta partida handi batekin gainera, irundarrek Lisboako Sporting jasoko baitute Artalekun Europa Ligako final zortzirenetako kanporaketan. Joaneko neurketa izango da gaurkoa, eta bidasoarrek etxean jokatuko dute, zaleen aurrean, 20:45etik aurrera (ETB4/DAZN).
Jacobo Cuetara prestatzailea kontziente da “talde handi bat” izango dutela aurrean, baina baietsi du Bidasoa “ilusio handiarekin” dagoela partidari ekiteko: “Txapelketa irabazteko aukera duen edo irabazteko asmoa duen aurkaria da. Gu ilusio handienarekin goaz saiatzera eta ahalik eta konponbide gehien bilatzera hori lortzeko. Lehen partida dugu hemen, eta bi norgehiagokak irabazteko kanporaketa bat izan daiteke, zaila izango baita aldea ateratzea, baina gol bakoitza urrea izan daiteke Lisboan zaila izango den partida baterako”.
Sporting, gainera, “oso talde indartsua” dela nabarmendu du Cuetarak: “Eskubaloian ondo jokatzen duen taldea da, oso indartsua bakarka eta aldeak markatzen dituzten jokalariekin. Munduko jokalari gazte onenetako batzuk dituzte, eta jokalari ezagun asko ere badituzte. Talde indartsua da, baina uste dut armak izan ditzakegula horiei gerra emateko”.
Aurkariei “gerra” emateko Artalekun bilduko diren zaleen babesa izango dute bidasoarrek, eta zaleak funtsezkoak izango direla aldarrikatu du prestatzaileak: “Estra hori behar dugu. Sportingen aurka etxean lehiatzeaz ari naizenean, Artalekurekin ari naiz, Artaleku gabe zaila izango baita. Pabiloi betea behar dugu, babes handikoa, momentu oro animatzen egongo dena. Azkenera arte egon behar da taldean sinesten, gu animatzen. Zuen laguntza behar dugu, jakinda zaila izango dela. Gau magikoa izan behar da Artalekun”.