VOXen Irungo alkategaia izango da Pedro Gandasegi
Iaz afiliatu zen Gandasegi VOXera eta Irungo "segurtasun ezan" jarri nahi du lehentasuna.
Espainiako VOXek jakinarazi du Pedro Gandasegi izango dela Irungo alkatea izateko alderdiaren hautagaia. Gandasegi donostiarra da jaiotzez eta iaz afiliatu zen VOXera.
Gandasegiri buruzko hainbat datu zabaldu ditu VOXek. Esaterako, Marketing eta Enpresa Kudeaketa ikasketak egin zituela EAEko Marketing Institutuan eta Master baten titulua ere baduela Amnistrazio eta Enpresa Zuzendaritzaren Bartzelonako Europa Negozio Eskolak emana.
1998. urtean Euskal Herria “uztera behartuta” egon zela “ETAren mehatxuengatik” adierazi du VOXek eta Gandasegik dio “ezinbestekoa dela eskualde honetan hamarkada luzeetan pertsona askok sufritutakoaren memoria bizirik mantentzea: erailketak, bonbak, bahiketak, mehatxuak…”.
Gandasegik lehentasuna eman nahi dio “hirian hazten ari den segurtasun ezaren borrokari”. “Lehenik eta behin problema existitzen dela onartu behar da eta gero lehentasuna eman politika ekintzei eta Espainiako Poliziaren kolaborazioarekin konpontzeko”.