Espainiako Gobernuak 4 milioi euro lizitatuko ditu Artiako kanala birnaturalizatzeko
Artia eta Bidasoa ibai arteko ingurua itsas uhaldietan babestuago egongo dela lan horiek ondoren baieztatu dute Jose Antonio Santano alkateak eta Teresa Ribera Espainiako Gobernuko ministroak.
Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikorako ministroak Jose Antonio Santano alkateari berretsi dio, gaur, Espainiako Gobernuak 4 milioi euroan baloratutako proiektua lizitatuko duela Artiako kanala birnaturalizatzeko. Eremu hori Espainiako Estatuaren jabegokoa da.
Irungo Udalak azaldu du proiektu bat bidali ziotela Espainiako Gobernuko Kostaldeen departamentuari inguru hori birnaturalizatzeko. “Izan ere, udala zenbait lan egiten ari da Bidasoaren ibai ertzeko eremuak berreskuratzeko eta Osinbiribil parkea txertatzeko ingurumena zaintzeko eremuaren barruan”.
Lizitazio horrekin Txingudiko Plan Bereziaren “erabateko” garapenean aurrera egingo dutela baieztatu du Santanok. Osinbiril parke “periferikoa” eta haren ibaialdeko fatxadaren lanekin bukatzea ekarriko luke proiektuak, baita Juan Thalamas Labandibar kaleko oinezkoentzako pasealekuarekiko eta bidegorriarekiko konexioa hobetzea ere.
Lanak burututakoan ibaiaren ibilguaren trazadura aldatuta egon beharko luke, hormak ordezkatuta, ibaiertzak naturalizatuta, eta oraindik ziurtatu ez duten arren, ibaiaren ertzetako oinezkoentzako pasabidea eta bidegorria luzatu egin dezakete ere.
Parke handi bat osatu nahi dute dagoeneko inguru horretan dagoenari jarraiki. “Ingurumeneko balio handia nabarmendu nahi dugu” azaldu du alkateak. Faunari buruz ere mintzatu dira eta “bertako espezie propioen ezarpena” sustatuko dutela esan dute ministroak eta alkateak. “Ibaiertza babestuago egongo da itsas uhaldietan”.
Obren horien jarduketa eremua lau zatitan banatu dute: Artiako kanala, haren eskuineko ibaiertza (ekialdea litzatekeena), ezkerreko ibaiertza (mendebaldean legokeena), Bidasoa ibaiarekiko muga (iparraldean dagoen oinezko eta txirrindularientzako bidea).
Lanak egiteko proiektuak bederatzi hilabeteko epea finkatzen du lanak egiteko, eta 4 milioi euroko aurrekontua. Oraindik ez dute lanen esleipenaren berririk eman.