[Erreportajea] Gizarte ekonomian eragiten dabiltzanak, komunikazio bila
Foro bat antolatu du BDS Koopek eskualdeko gizarte ekonomiaz hausnartzeko. Xedea, enpresa, gizarte eragile eta erakunde publikoen arteko komunikazio iraunkor bat sortzea da.
BDS Koopek Bidasoa Beheko ekonomia soziala eta tokiko garapenaz hausnartzeko foro bat hasi zuen pasa den astean. Ez du izen ofizialik, baina Gizarte ekonomiarako foroa dei daitekeela azaldu du Dornaku Lanzek, BDS Koopeko kideak.
Guztira lau saio egingo dituzte Bidasoko egoera sozio-ekonomikoa ardatz izanda, eta hainbat agente inplikatu dituzte zeregin horretarako. «BDS Koopek ulertzen du ekonomia ez dutela enpresek bakarrik egiten. Erakunde publikoek, gizarte eragileek, herritarrek eta bestelakoek ere egiten dute. Gure giza beharrak asetzeko egiten dugun jarduera oro da ekonomia».
Lau bilkurak eragile guztien arteko puntu komunak identifikatzeko baliatuko dituzte, «gero ikusi nahi dugu zein aukera ditugun elkarlanean aritzeko».
Mahaiaren bueltan
Foro horrekin mahai bat sortzea da proposamena, gizarte ekonomian eragiten dabiltzanen artekoa. Baina urratsez urrats joan nahi dute, eta iritziak entzuteko garaia da oraingoa. «Mahai hori sortuko balitz zein gai jorratuko lituzkeen ikusten ari gara». Hala, merkatariek Irungo Udalarekin duten batzarra hartu dute eredu. «Esaterako, merkatarien mahaiak esaten badio Irun Ekintzani beraien merkatua sustatzearen beharra duela Amazonek haien salmentetan eragina izan duelako, Irun Ekintzanek hartzen du ardura sustatzeko Irun Market». Asmo nagusia erakundeen arteko komunikazio konstante bat garatzea dela nabarmendu du Lanzek.
Lehen foroa hilaren 10ean egin zuten, eta enpresekin elkartu ziren. Irun eta Hondarribiko kooperatiba guztiak deitu zituzten, eta guztira zortzi elkartu ziren. «Gutxi gorabehera 100 kooperatiba daude Irun eta Hondarribian». Atzo bigarren saioa egin zuten, eragileekin: Aspace, SOS Arrazakeria edota Parean izan ziren partaideen artean.
Hirugarren batzarra hilaren 24an izango da, eta erakunde publikoak gonbidatu dituzte hara: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udala. Hendaiako Herriko Etxeari ere igorri zioten mezua, baina ezingo dute bertaratu. Azken saioa hilaren 31n egingo da, eta bertan jasotako informazioa sintetizatuko dute.