Partida garrantzitsua du Txingudik igoeraren lehian
Igoerako play-offerako sailkapen matematikoa lor dezake Txingudi Errugbiko gizonen talde nagusiak larunbatean. Zarautz B-Beltzak taldea jasoko du Plaiaundin, 16:00etan.

Txingudi Errugbiko gizonen talde nagusiak partida garrantzitsua du larunbatean igoeraren lehian. Bidasoarrek Zarautz B-Beltzak taldea jasoko dute Plaiaundin, 16:00etan. Txindugik bere esku du play-offerako sailkapen matematikoa lortzea, eta larunbateko neurketa bonus puntuarekin irabazten badute eta Iruñak Gaztedi B gainditzen badu, play-offeko taldea izango dira bidasoarrak. Egoera hori gertatzen ez bada, azkeneko jardunaldian hil al biziko norgehiagoka izango luke Txingudik Amurrion, Nerbioi taldearen aurka.
Bidasoarrek ez dute beste hutsegiterik egin nahi, eta buru-belarri prestatu dute larunbateko partida. Txingudi bigarren da ligan, eta postu horretan bukatzen badute play-offa jokatuko dute. Aurkaria, Zarautz B-Beltzak, ligako seigarren postuan dago, goiko postuetatik urrun, baina liga oso berdindua dago.
Gazte taldeak ere, lehian
18 urtez azpiko taldeak Mungian jokatuko du, ligako lehen postuan sendo dagoen Zarautz-Beltzak taldearen aurka, 10:30ean. Mungian etxeko talde bezala jokatzeko arrazoia da bidasoarrek Uribealdea talde bizkaitarrarekin batera jokatzen dutela.
14 eta 16 urtez azpikoek, aldiz, biek jokatuko dute Baztango Lekaroz zelaian. 14 urtez azpikoek etxean jokatuko dute, baztandarrekin batera osatzen baitute taldea. 16 urtez azpikoak, berriz, bisitari bezala arituko dira. Biak ala biak garaipenaren bila zelairatuko dira, ligako azken fasean egiten ari diren lan onari jarraipena emateko.
16 urtez azpiko taldeak Bera Bera-Baztan taldea izango du aurrez aurre, 11:00etatik aurrera, eta azken porrota atzean uzten saiatuko dira. 14 urtez azpikoak partida hori bukatutakoan zelairatuko dira, 12:30ean. Txingudi-Baztan taldeak Gaztedi B-ren aurka jokatuko, ligako lidergoa eskuratzeko helburuarekin.