Hainbat proposamen egin ditu Osasun Bidasoak
Oinaurreko anbulatorioaren lanek iraun bitartean kontsultategi bat irekitzea eskatu dute. Era berean, Osakidetzako langileen berrantolatze orri bat proposatu dute.
Osasun Bidasoa Plataformak lehen mailako arretarako guneak handitzeko proposamena helarazi du. Proposamen zehatzak dira eta hirugarren anbulatorioa Oinaurren eraikitzen ari diren bitarteko neurriak dira mahai gaineratu dituztenak.
Oinaurreko anbulatorioa eraikitzeko lizitazioa “berehala” aktibatzea eskatu dute lehenik. “Behar bezala dimentsionatzea, inguruko egungo biztanleriari zerbitzua emateko, kontuan hartuta biztanleriak izango duen hazkundea eta zentro berrian eman litezkeen lehen mailako arretaren zerbitzu osagarriak”.
Obra horiek bukatzeko hiru urte behar direla dio plataformak eta zehaztu du aukera hauek eskaini behar lituzkeela: “Osasun mentala; osasun publikoa; errehabilitazioa; erradiologia; gizarte zerbitzuak; arreta komunitarioa; irakaskuntza; ikerketa, etab”.
Lizitazioa gauzatu ondoren behin-behineko kontsultategi bat jartzea inguruko lokaletan dio plataformak. Era horretan, erdiguneko eta Dunboako anbulatorioen jarduera arintzea da asmoa. Kontsultategi horretan Katea eta Oinaurreko biztanleria bideratzea nahi dute.
Aldi baterako erietxe horretan lauzpabost mediku, beste lauzpabost familia-erizain; eta beste lauzpabost administrari egon beharko ziren plataformaren ideia segituz gero. Profesional horiek, ondoren, Oinaurrera joango lirateke behin betiko.
Hirugarren anbulatorio batek oraingo beste bien antolakuntza aldatuko luke eta horren berrantolaketa aurreikustea galdegin dute plataformako kideek.
Erdialdeko anbulatorioa
Atzeko patioko barrakoiak kentzea eskatu dute eta horretarako bertan lanean dabiltzan bizpahiru mediku eta erizainak lekuz aldatzea da gakoa. Hori egindakoan, atzeko patioan 1.500 metro karratuko eraikin bat sortzearen alde dago plataforma zeinak bost solairu izango lituzkeen.
Aukera asko eskainiko lituzkeen eraikin gehigarria dela defendatu dute, “aukera emango du EAGa, ikuskaritza medikoa, kontsulta espezializatuak eta prestakuntza eta zerbitzu-arloak birkokatzeko”. Zerbitzu zorroa ere handituko litzatekeela diote, “errehabilitazioa, kirurgia txikia, talde jarduerak…”. Lapitzeko anbulatorioaren handitzea “funtzionamendua aldatu gabe” egin daitekeela diote.
Dunboako anbulatorioa
Lehen fase batean zentroaren hirugarren solairuan dauden osasun publikoko profesionalak beste behin-behineko lokal batzuetan kokatzea eskatu du Osasun Bidasoak, “Oinaurre inauguratu arte”.
Lekualdatze horrekin solairu hori eraberritu ahalko dela adierazi dute, “lehen mailako arretarako espazioa handitzeko”.