Etorbidea zubia irekitzeko eskatu du Santanok
Eskualdeko bizitza sozial eta ekonomikoan "ondorio larriak" dituela salatu du Irungo alkateak. Zentzugabetzat jo du zubia itxita egotea.
Irun eta Hendaia arteko Etorbidea zubia itxita dago eta horren irekiera eskatu du gaur berriz ere Jose Antonio Santano alkateak. “Zubia lehenbailehen berrireki beharko litzateke”.
Eskaera hori Iragaitzazko Migratzaileen Berehalako Harrerarako Erakunde arteko Koordinazio Mahaiaren bileran egin du alkateak. Bertan izan dira ere Berdintasun eta Justiziako eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa; Euskadiko Gurutze Gorriko koordinatzaile Aitor Allende; Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilorako zuzendari Xabier Legarreta; eta Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko ordezkari David Nuño, besteak beste.
Migrazioaren 2022ko balantzea aurkeztu dute bilkura horretan eta Irungo alkateak Etorbidea zubiaren egoera mahai gaineratu du beste behin. “Zubia itxi izanak inguruko bizitza sozial eta ekonomikoan ondorio larriak dituela salatu nahi izan dut berriro ere. XXI. mende betean gauden honetan, zentzugabea da, are Hendaia eta Irunen arteko bizikidetzarako ere”.
Zubia 2020an bukatu zuten eraberritzen eta horretarako 2,2 milioi euroko inbertsioa egin zuten. Baina 2021eko urtarrilean, Frantziako Gobernuak zubi hau itxi egin zuen.