Birziklatzearen eta Uraren Egunak ospatuko ditu Ekoetxea Txingudik
Egun horiek errekonozitzeko xedearekin, lau jarduera dakartza Ekoetxeak asteburu honetarako eta hurrengorako. Izen-emateak irekita daude jada.
Larunbatean Global Recycling Day eguna ospatuko da, baliabideei bizitza bat baino gehiago emateak duen garrantzia aitortzen eta ospatzen duen eguna, eta Ekoetxea Txingudik bat egin du egun horrekin. Birziklatzea ekonomia zirkularraren funtsezko zati bat dela azaldu du Ekoetxeak, baliabide naturalak babesten laguntzen duena. Urtero, birziklatzeak 700 milioi tona baino gehiago aurrezten ditu CO2 isurketetan, eta 2030erako mila milioi tonara igotzea aurreikusten dela zehaztu dute.
Gauzak horrela, larunbatean, hilak 18, hondakinen bilketa bat egingo da Plaiaundiko Parke Ekologikoan, 11:00etan, Ekopatruilak Irun taldearen eskutik. Ekoetxea Txingudin elkartuko dira bertaratzen direnak, eta saioaren helburua da herritarrak ingurune naturaletan pilatzen den zaborraz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea.
Zabor bilketaz gain, familiei zuzendutako tailer bat antolatu du Ekoetxea Txingudik iganderako, 11:00etan, Txingudiko Zerbitzuen eskutik. ‘Birziklatzearen boterea’ izenburupean, parte hartzaileek berrerabilpenaren eta birziklatzearen boterea ikasiko dute, egunerokoan sortzen diren hondakinak baloratzeko eta aukera berri bat emateko.
Uraren Mundu Eguna
Datorren asteazkenean, hilak 22, Uraren Mundu Eguna ospatuko da, herritarrak kontzientziatzeko eta uraren eta saneamenduaren krisiari aurre egiteko ekintzak bultzatzeko, eta Ekoetxea Txingudik ere bat egin du egun horrekin.
Hilaren 25ean, larunbata, 11:00etan, Julen Rekondo ingurumen aholkulari, dibulgatzaile eta espezialista Ekoetxea Txingudin izango da, eta Euskadiko eta Bidasoko ur baliabideen egungo egoera aztertuko du hitzaldi batean.
Azkenik, hilaren 26an, igandea, familiei bideratutako ‘Uraren Eguna’ tailerra emango dute Artean Espazioko kideek, 11:00etan. Familia bakoitzak bere tanta eta ur tanten mugikorra egingo ditu, eta, gainera, mugikor kolektibo bat sortuko dute tanta bakoitzak duen garrantzia ikusarazteko.
Jarduera guztiak doakoak direla jakinarazi du Ekoetxeak, baina parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.