BATeko atletak, sasoi onean
Dominak, ohorezko postuak eta marka hobeak lortzen jarraitzen dute lehiatzen diren lekuan lehiatzen direla.
18 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, jaurtiketa luzeen Euskadiko Txapelketan eta 10 kilometroko Gipuzkoako Txapelketan lehiatu dira Bidasoa Atletiko Taldeko kideak asteburuan.
18 urtez azpiko Espainiako Txapelketa Salamancan lehiatu zen, klubeko bost kirolarirekin. Aritz Zuazo hamahirugarren izan zen altuera jauziko proban, eta bere marka onena lortu zuen, 1,88 metroko jauziarekin. Alaine Agerralde 400 metroko finalera sailkatzetik geratu geratu zen. Ezin izan zuen lortu, baina bere marka onena erdietsi zuen, 57,31 segundoko denborarekin.
Leire Martiarena 26. izan zen 200 metroko proban, 26,11 segundoko denborarekin. Izaskun Sanz 16. sailkatu zen 1.500 metroko proban. Finalaurrekoetan izan zen, 4:59,69ko denborarekin. Iker Ibarguen, aldiz, deskalifikatua izan zen 1.500 metroko proban, epaileek interpretatu baitzuten aurkari bat bultzatu eta oztopatu zuela. Deskalifikatua izan arren, bigarren postuan bukatu zuen bere finalaurrekoa 4:07,09ko denborarekin, finalean egoteko balioko ziona.
Jaurtiketa luzeen Euskadiko Txapelketa
Jaurtiketa luzeen Euskadiko Txapelketa Durangon lehiatu zen, eta BATeko atletak modalitate ezberdinetan aritu ziren. Emaitza bikainak erdietsi zituzten, urrezko domina bat, zilarrezko bat eta brontzezko bi lortu baitzituzten. Orotara, lau dominarekin itzuli dira etxera.
Uzuri Martiarena izan zen atleta nabarmenena, urrezko domina bat eta zilarrezko beste bat lortu baitzituen Durangon. Urrea xabalina jaurtiketan erdietsi zuen, 31,64 metroko jaurtiketarekin. Bestalde, disko jaurtiketaren proban bigarren postuan sailkatu zen, 26,74 metroko jaurtiketarekin.
Brontzezko bi dominak Unax Erasok eta Oihana Amadok zintzilikatu zituzten, mailu jaurtiketan eta xabalinako jaurtiketan, hurrenez hurren. Erasok 48,64 metroko jaurtiketa egin zuen, eta Amadok, aldiz, 27,47 metrokoa.
Oihana Amado ere laugarren izan zen disko jaurtiketan, 24,13 metroko jaurtiketarekin. Maialen Diaz, berriz, laugarren izan zen kilogramo bateko disko jaurtiketan, 21,66 metroko jaurtiketarekin.
10 kilometroko Gipuzkoako Txapelketa
Donostian lehiatu zen 10 kilometroko Gipuzkoako Txapelketa, klubeko espezialista askorekin, eta emaitza paregabeak lortu zituzten.
Jose Gomez de Arriba bigarren postuan sailkatu zen, eta sasoi onean dagoela erakutsi zuen. 31:47 minutuan gelditu zuen erlojua, zilarrezko domina lortuz.
Podiumetik gertu Asier Landart izan zen. Bosgarren bukatu zuen 10 kilometroko proba, 32:49 minutuko denborarekin. Podiumetik 48 segundora geratu zen.