Antzinako Egipto, hizpide Oiasson
Erromatar museoak 'Egiptomania' izeneko hitzaldi ziklo bat antolatu du. Lehen hitzordua hurrengo ostegunean izango da, 19:00etan.
Oiasso Erromatar Museoak, EHUrekin elkarlanean, ‘Egiptomania’ izeneko hitzaldi ziklo bat antolatu du, Antzinako Egiptoko historiari eta arkeologiari buruzkoa. Iaz Tutankamon faraoiaren hilobiaren aurkikuntzaren mendeurrena zela eta antolatu ziren hitzaldien “arrakasta” ikusita, Oiassok eta EHUk Egipto oinarri duen beste hitzaldi ziklo bat antolatzea erabaki dute.
Lehen hitzordua datorren ostegunean izango da, hilak 23, 19:00etan, Oiasso Museoan bertan. Sarrera librea dela zehaztu dute, tokia bete arte.
Lehen hitzaldia Kleopatraren esmeralda meategiak Egipto ekialdeko basamortuan du izena, eta Sergio Garcia-Dils de la Vega arkeologo eta espeleologoak emango du. Ecijako (Sevilla) Udaleko Arkeologia Bulegoko zuzendaria eta Sevillako UNED unibertsitateko tutorea da. Horrez gain, Wadi Gemal parke nazionalean (arabiar basamortua, Egipto) indusketa arkeologikoak egiten dituen nazioarteko Sikait proiektuko kide ere badela gaineratu dute antolatzaileek.