Uztailaren 24ra luzatu diote Angel Miguel Medranori alokairu soziala
Burofax bidez helarazi dio putre funtsak irundarrari alokairu sozialeko kontratua luzatuko diola, baina egun horretan bere bizitza guztiko etxebizitza utzi beharko duela esan diote.
Gipuzkoako Kaleratzeak STOPek, Alokairu Benta Berrik eta Inquilinos de Azorak jakinarazi dute Angel Miguel Medrano irundarrari alokairu sozialeko etxebizitzaren jabe den funtsak uztailaren 24ra arte luzatuko diola kontratua, baina egun horretan etxebizitza utzi beharko duela esan diote.
Elkarteek adierazi dute Promontoria Real Estate putre funtsak Angel Miguel Medranori duela gutxi burofax bat bidali ziola esanez urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean bukatzen diren kontratuek “aparteko luzapena izateko eskubidea” dutela; eta bide batez, bere etxebizitza uztailaren 24an utzi behar duela helarazi diote. Angel Miguelek bizitza osoa igaro du bere Irungo etxebizitzan, eta urtarrilaren 24an bukatu zitzaion kontratua.
Putre funtsak bide hori zazpi urteko kontratua ez sinatzeko hartu duela gaineratu dute elkarteek. Kontratu horren errenta 600 eurokoa izatea proposatu zuten elkarteek. Bukatutako kontratu sozialaren errenta 346 eurokoa zen, eta horrek “ahalegin ekonomiko handia” eskatzen duela esan dute, irundarraren pentsioa 1.208 eurokoa baita.
Bestalde, etxebizitza erosteko eskaintza “merkatuko prezioetan” egiteko adierazi diote burofaxean. Eskaintza hori “bideragarria” ez dela salatu dute, “baliabiderik” ez duelako eta 81 urterekin banku mailegu bat lortzea “ezinezkoa” delako. Hori dela eta, elkarteek argi dute zein den putre funtsaren helburua: “Angel Miguel bere etxebizitzatik botatzea”.
Elkarteek azaldu dute, urtarrilean egin bezala, irundarrak “ez duela etxebizitza borondatez utziko eta zazpi urteko alokairu kontratua eskatzen” jarraituko dutela, Hiri Errentamenduen Legeak agintzen duenaren arabera. Eskakizun hori “Azora funts putreari luzatzen” diotela baietsi dute, Donostiako Gros auzoko hiru eraikinetako bizilagunekin “antzeko estrategia” jarraitzen ari baita. “Burofaxak etengabe bidaltzen dizkiete, hiru eraikinak husteko helburuarekin”, esan dute.