Asmoa Irun pasatzea den migrazioa ikertu du Irungo Udalak
Elkarbizitza planean jaso nahi du udaletxeko Ongizate arloak Irungo errealitate hau. Migrazioaren testuingurua ezagutzeko 240 elkarrizketa egin ditu Begirune Fundazioak.

Gizarte Ongizate arloak hala eskatuta Begirune Fundazioak ikerketa bat egin du Irunen Ipar Euskal Herrira bidean dauden migratzaileen errealitatea ezagutzeko. Horrez gain, udalak Elkarbizitza Plana idazteko baliatuko ditu azterlanaren emaitzak.
Metodologia mistoa da erabili dutena eta lanak bost atal ditu: sarrera bat; egoeraren azterketa kuantitatiboa; azterketa kualitatiboak; muga inguruko efektuak; eta arazoak eta ondorioak. Atal horien baitan 240 migrante elkarrizketatu dituzte eta horietatik 214k inkesta bat bete dute. Bestetik, bederatzi migratzaileri elkarrizketa sakon bat egin zaie.
Hainbat aditu ere elkarrizketatu dituzte testuinguruan sakontzeko, hala nola, udaletxeko teknikariak; David Nuño Ongizate zinegotzia; Gurutze Gorriko arduradunak; Irungo Harrera Sareko kideak; Irungo Caritas; Baionako Herriko Etxeko teknikariak; Baionako Pausa zentroko langileak; Diakite Hendaia elkartea; Irungo Udaltzaingoa; eta Iker Barbero EHUko ikertzailea.
David Nuñok azaldu zuen 2018an “migrazio fluxua” aldatu egin zela eta Irunera iristen hasi zirela migranteak. “Orduan konturatu ginen baliabideen eta laguntzen gabezia zegoela hirian”. Nuñoren arabera, herri mugimenduak identifikatu zituen gabezia horiek: “Herri mugimendua beti dabil instituzioak baino azkarrago”.
Aitortza egin die Nuñok Irungo Harrera Sareari eta inplikatutako Euskadiko beste taldeei migratzaileei emandako babesagatik. Zinegotziak nabarmendu du migratzaileen asistentziaren eskumena udalarena zuzenean ez bada ere, interesa dutela eta lanean jarraituko dutela.
Hainbat datu
Espainia hegoaldeko kostaldera iristen direnetik Espainiatik alde egiten duten arte bi hilabete pasatzen dituzte batez beste. Gerora, Euskal Herrian sartzen direnean Irunera joaten dira eta bertan 6 edota 7 egun igarotzen dituzte batez beste. Pertsona horiek nagusiki Malitik, Ginea Konakrytik eta Afrika mendebaldeko beste herrialde batzuetatik iritsiak izaten dira eta 18 eta 25 urte artean dituzte.
Ikerketan jaso dute migratzaileen kezka nagusia muga zeharkatzea dela. Zailtasunak baldin badituzte helburu hori betetzeko “etsipena” sentitzen dutela jaso dute ikertzaileek, “eta muga pasatzeko bide arriskutsuak aukeratzera bultzatzen ditu, heriotza ere eragiteraino”. Irungo Udalak gogoratu du bide arriskutsuak aukeratu zituzten 10 pertsona hil direla dagoeneko.
Irunera iristen diren eta bidean aurrera jarraitzea asmo duten migratzaileen %98k erabakia hartuta izaten du beste leku batean gelditu nahi duela. “Gurutze Gorriak 2018an esan zuen %95ek zuela erabaki hori hartuta baina ez dakigu nondik atera zuen datu hori. Orain esan dezakegu ia %100k nahi duela aurrera segitu”.
Irunen dauden baliabideen gainean ere galdetu diete migranteei eta ez dutela gabeziarik sumatu azaldu du Begirune Fundazioak. Baliabide horiek Zubia zentroa; Gurutze Gorriaren Hilanderas zentroa; eta Irungo Harrera Sarearen mahaia, gautxori zerbitzua eta arropategiak dira.
Migrazioan aurrera segitzeko laguntza dela behar duten bultzada bakarra jaso dute ikertzaileek. Dena den, berriki SOS Arrazakeriak kaleratutako txostena hortxe dago, zeinetan arreta psikologikoaren beharra identifikatu zen migratzaileei egindako elkarrizketa batzuen bitartez.
Oro har, migranteei begira baliabideak kudeatzen dituzten taldeen artean koordinazioa dagoela azaldu du Fundazioak eta migranteen %90k erabiltzen dituela zerbitzu horiek guztiak.
Badira jatorri Magrebtarra duten eta trantsituan dabiltzan migratzaileak ere, “poliziaren datuek diote gehien itzultzen direnak haiek direla”. Baina baliabideetatik ez direla apenas pasatzen eta datu gutxi dituztela zehaztu dute.
Hainbat arrazoi egon daitezke baliabideak ez erabiltzeko; Batetik, komunitate marokoarrak urte asko daramatza finkatuta Irunen, eta gainera, atzerriko jatorria duen Irungo komunitate handiena da. Hartara, senide edota lagunengana jotzen dute laguntza bila.
Bestetik, denbora luze pasatzen dute magrebtarrek lekuren batean egonkortzen eta saiakera horrek huts egiten dienean iristen dira Irunera Europako beste herrialde batera joateko asmoarekin. “Arrazoi horiengatik, ez dira pertsona horien gaineko datu guztiak jasota geratzen”.