Ikasleek Irungo emakumeen aztarnak ezagutzeko ibilaldia
Irungo emakumeen ofizioak ezagutzeko ibilaldia antolatu dute hiriko 15 ikastetxeetako 1.240 ikasleentzat. Gainera, ibilbidearen mapa Emakumeen Etxean jarriko dute.
Irungo emakumeen paseoa sortu dute Parean elkarteak eta Irungo Udalak. Hilabete honen eta apirilaren artean 30 ibilbide egingo dituzte Irungo 15 ikastetxeetako 1.240 ikasleekin batera, Irungo emakumeen ofizioen balioa aitortzeko xedearekin.
Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak adierazi du Berdintasun zerbitzuaren erronka nagusietako bat dela “emakumeek gure historiari egiten dioten ekarpena ahanzturatik berreskuratzea, gure historiaren zati hori herritarrei erakusteko”. Tradizioz patriarkalak izan diren botereek ahalegin handia egin dutela ezkutatzen zehaztu du.
Bada, Emakumeen Aztarnak Irunen ekimenari forma ematea izan da gaur aurkeztutako ibilaldien egitaraua eta M8ko programazioaren parte ere bada ariketa hau. Emakumeen ofizioak ikusaraziko dituzte: inudeak, txalupariak, mandatariak eta beste hainbeste.
Parean elkarteko kideak arduratuko dira ibilaldiaz eta guztira 19 geldialdi egingo dituzte Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek.
Horrez gain, Emakumeen Etxean erakusketa iraunkorra izango den mural bat jarriko dute, eta halaber, Emakumeen aztarnak Irunen deituriko liburu baten 1.200 ale egin dituzte jarduera honetarako. Horiek ibilbidean parte hartzen dutenen artean banatuko dituzte, baina beste norbaitek irakurri nahi balu udalaren orrialdean topa dezake.