Espainiako errepublika eta nobela grafikoa protagonista dituen erakusketa
Nicolas Gerendiain taldeak nobela grafikoa omendu nahi izan du Laboral Kutxaren erakusketa aretoan antolatu duen erakusketan. Martxoaren 14tik 26ra egongo da ikusgai.
Nobela Grafikoa egile bakar baten gidoia duen argitalpen formatua da eta istorio bakarra izaten du, marrazki eta narratiba bidez kontatzen denak. XXI. mendeko mugimendu abangoardista bat da, XIX. mendearen bigarren erdian jaiotako komikigintza alternatiboaren oinordekoa, prentsa satiriko eta umorezkoari lotuta sortzen den adierazpide berria, irakurle helduarentzat espresuki sortua eta egina.
Euskarri hori omentzeko erakusketa bat antolatu du Nicolas Gerendiain memoria historikoa taldeak Laboral Kutxaren erakusketa aretoan, martxoaren 14tik 26ra. Bertan, nobela grafikoa gaur egun den bezala ezagutzeko aukera izango da, Espainiako II. Errepublikako, Gerra Zibileko eta gerraosteko gertakarien kontakizunekin.
Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera 18:30etatik 20:30etara izango ditu ateak zabalik aretoak; Larunbatetan, igandetan eta jai egunetan beste ordutegi bat izango du: goizetan 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldeetan 18:30etatik 20:30etara.
Talde memorialistak aldizkari bat antolatu du erakusketa kari eta esteka honetan deskarga daiteke.