EH Bildu, "pozik" erabilera anitzeko pabiloia urratsak ematen ari delako
Koalizioak 2022an erregistratu zuen lehen aldiz proposamena. Hasiera batean udalak ukatu bazuen ere, orain emandako aurrerapausoen balioa nabarmendu dute.
Irungo EH Bildu “pozik” da Irungo erabilera anitzeko pabiloia eraikitzeko eman diren aurrerapausoekin. Koalizio abertzaleak azaldu du 2022an erregistratu zutela eskaera, baina udalak ukatu zuela gaineratu dute. Proiektua “behin eta berriro” aldarrikatu ondoren, Jose Antonio Santano alkateak koalizioaren ideia “aintzat hartu” eta pabiloia errealitate bihurtzeko lehen urratsak eman dituela irakurtzeaz “poztu” da EH Bildu.
Koalizio abertzaleak pabiloiaren proposamena kirol plan baten baitan egotea “premiazkoa” dela aipatu du: “Azpiegitura eraikitzeko aurrerapausoak emateaz gain, egingo den erabileraren plangintza bat diseinatu beharra dago; egungo eta etorkizuneko beharrak aseko dituen espazioa izan dadin”.
Pabiloia eraikitzeko helburua hiriari “ekarpena” egingo dion espazio bat sortzea izan behar duela esan du koalizioak: “Ezin dugu hutsik egongo den instalazio handi baten aldeko apusturik egin. Horregatik, ezinbestekoa da eraikinaren tramiteekin batera pabiloia beteko duen edukiaren plangintza bat diseinatzea, eta Irungo kirol klubek proiektua ezagutzeaz gain, bertan ekarpena egiteko aukera izatea eskatzen diogu Jose Antonio Santanori”.
Hasiera batean proposamena ukatu arren, “pabiloiaren beharraz jabetu izana” eskertzen dio EH Bilduk Irungo Udalari, eta “hiriarentzako onuragarria” izango den proiektua izatea aldarrikatu dute: “Irungo kirol instalazioetan gabezia handiak ditugu. Gaur gaurkoz, Irungo kirol klubek ez dute euren egunerokotasuna aurrera eramateko espazio nahikorik. Bide batez, herritarrek ere ez dute leku estalietan kirola libreki praktikatzeko aukerarik. Pabiloi honek gabezia horiek estali beharko lituzkeela defendatzen dugu”.