Udalak euskararekiko duen "konpromiso eza" salatu du EH Bilduk
Irungo memoria historiakoaren jardunaldietan itzulpengintza zerbitzurik eskaini ez zela salatu zuen Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Koalizio abertzaleak bat egin du salaketa horrekin.
Irunen egindako memoria historiakoaren jardunaldietako gertakarien harira, Irungo EH Bilduk udalak “euskararekiko duen jarrera” salatu du. Jardunaldi horiek otsailaren 27tik martxoaren 2ra egin ziren Ficoban. BERRIAk jaso zuenez, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak salatu zuen ez zela itzulpengintza zerbitzurik eskaini kongresuak iraun zuen egunetan, eta koalizio abertzaleak bat egin du Kepa Ordoki elkartearen salaketa eta eskakizunekin.
EH Bilduk azaldu du ez dela “kasu isolatu” bat izan, eta horrelako gertakariek “irundarron oinarrizko eskubideak urratu eta hizkuntza gutxiestea” dakartela. “Ondorioz, erakunde publikoek bigarren mailako herritarrak izatera bideratzen gaituzte”, gaineratu dute.
Koalizio abertzaleak adierazi du “argi” dutela “arazoaren erroa” zein den: “Udaleko arduradun politikoek ez dute euskara zaintzeko eskubiderik”. Horren aurrean Irun euskaldun baten aldarria egin du EH Bilduk, euskaraz bizitzeko eskubidea duena: “Herri euskalduna gara eta instituzioek benetako babesa eskaintzea eta hizkuntza ofizialarekiko apustua egitea premiazkoa da. Irungo herritarrek euskaraz bizitzeko eskubidea dute eta hori bermatu behar da”.