Osakidetzak 'Bidasoa 2023-2033 ESIaren Plan Zuzentzailea' aurkeztu du
Txostenean Irungo erdigunean 10.000 m2ko erietxe bat aurreikusten dela azaldu du Irungo EAJk, eta beste bat Oinaurren eraikiko litzateke.
Irungo EAJk berriz adierazi du hiriaren erdigunean 10.000 metro karratuko anbulatorio baten alde daudela. Atzo Legebiltzarrean aurkeztu zuten proposamen hori eta Osakidetzaren babesa duen plana dela defendatu dute jeltzaleek.
Atzo Osakidetzak aurkeztutako planaren izena Bidasoa 2023-2033 ESIaren Plan Zuzentzailea dela jakinarazi du EAJk eta bermeak dituen proiektu bat izango dela adierazi dute: “EAJtik hainbat hilabetez proposatu eta defendatu dugun eta gure hiriaren egoera neurri batean hobetuko duela uste dugun proposamena erabat, irmo eta zalantzarik gabe, bermatzen du”.
Dokumentu horretan jaso dutenaren arabera bi proposamen luzatzen ditu Osakidetzak. Alde batetik, erdigunean 10.000 metro koadroko anbulatorio berri bat eraikitzea aurreikusten dute; Bestetik, eraikuntzarako metro koadro horiek ez baleude erdiguneko anbulatorioak 8.000 metro karratu izatea proposatu dute, eta hartara, Oinaurren beste anbulatorio bat eraikitzea 2.000 metro karratukoa.
Baliabideak zentralizatzearen aldeko argudio bat ere eman dute anbulatorio handi-berri baten kokapenaren gainean: “EAJtik argi geneukan hasieratik Irungo erdigunean egin behar zela esku-hartze handiena osasun-azpiegituretan, bertan biltzen baita biztanle gehiena”.
Zentroko anbulatorioa “zaharkituta” dagoela uste dute, “Irunek berria behar du, Oinaurrekoaz eta Dunboakoaz gain, lehenbailehen”.
Via Irun proiektuaren baitan legokeen erdiguneko erietxea “lau urteren buruan” existitu zitekeela dio EAJk, “betiere kudeaketa eraginkorra bada, faseetan lan egiten bada eta borondate politikoa baldin badago”.
Borondate horri buruz jeltzaleek diote “Santano alkatea Irungo etorkizuna hipotekatzen” ari dela, alkateak adierazi baitzuen Lapitzeko anbulatorioa handitzearen alde zegoela oraingoa 3.600 metro koadroko anbulatorioa bilakatuz. “Nahikoa da aitzakiez eta EAJren aurkako diskurtso elektoralistez. Irunen aldeko apustua egiteko garaia da, eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa aprobetxatzekoa”.