Irun Aurrera plana indartu du Irungo Udalak
Bidasoa Biziriken laguntzarekin, 6,7 milioi euro bideratuko dira udalaren programetara, familiei, enpresei edota erakundeei laguntzeko xedearekin.
Irun Aurrera plana indartu du Irungo Udalak, eta plan horren ekintza ildo berriak aurkeztu ditu Miguel Angel Paez Ekonomia eta Ogasuneko ordezkariak. Programa hori 2020an abiatu zuen udalak, COVID-19aren ondorioei aurre egiteko. Oraingo neurri sorta lehenaren jarraipen bat dela azaldu du ordezkariak, eta hiriko familiei, enpresei eta erakundeei laguntzeko xedea dutela gaineratu du.
Egungo egoerara moldatzeko, Irun Aurrera plana birplanteatuko du udalak; esate baterako, prezioen igoera edo hornigaien krisia kontuan izanda. Planaren helburu nagusiena “etorkizunerako bultzada bat” ematea dela iragarri du Paezek; hori dela eta, 2030 Agendarekin bat egingo du, fokua jasangarritasunean eta berritasunean jarrita.
2030 Agenda
Irun Aurrerak lau ekintza ildo ditu, Nazio Batuen garapen jasangarriko helburuetatik eratorriak: lurraldea, pertsonak, ekonomia eta gobernantza. Udalak bere kasa edo Bidasoa Bizirikekin elkarlanean eginda, ia 20 programak osatzen dute plana, eta orotara, 6,7 milioi euro bideratuko dira familiei, enpresei, tokiko saltokiei edo kulturaren munduari laguntzeko. Laguntza horiek urte honetarako, 2024rako eta kasu batzuetan 2025erako izango dira.
Lurraldea atalean etxebizitzaren irisgarritasuna edo eraginkortasun energetikoa hobetzeko obrak egin nahi dituztenentzako laguntza ekonomikoak sartu ditu udalak. “Udalak betidanik eman izan ditu, baina energiaren merkatuaren prezioen igoera dela eta, are garrantzitsuagoa da orain alderdi hori”, esan du Paezek. Jasangarritasunarekin lotuta, Irun Aurrerak “hiria berroneratzeko” proiektu bat du, bi jarduketa dituena: Aduana eraikina birgaitzeko eta berrikuntzaren eta ekintzailetzaren polo bihurtzeko proiektua, Via Irunen barruan; eta hiriko berritasunaren polo izan nahi duen gertutasuneko bulegoa.
Pertsonak sailari dagokionez, Kultura KM0 egitasmoa berreskuratuko du udalak, hiriko artisten ehunaren laguntzarekin. Laneratzea laguntzeko proiektuak ere sartu dituzte.
Ekonomia atalean bi nabarmendu ditu Ekonomia eta Ogasun ordezkariak: tokiko saltokiei digitalizazioan aurrera egiten laguntzeko ekimenak eta ‘Irun Market’ online salmentarako ataria indartzekoak. Enpresak sendotzeko edota artistak profesionalizatzeko helburua dute neurri horiek.
Azkenik, gobernantza esparruan, Paezek baietsi du gizarteko sektore ahulenei lana eta bizimodu aktiboago bat bilatzen laguntzeko tresnak ematera bideratu direla baliabideak. Ildo horren xedea da “programak kudeatzeko modua berritzeko mekanismoak abian jartzea eta inplikatutako eragileekiko lankidetza sareak bilatzea”. Adar horretan sartu dituzte, adibidez, gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei bizitza aktibo bat izateko hobetzen laguntzeko esperimentazio proiektuak edota enplegagarritasuna indartzeko laguntza programak.
Genero ikuspegia
Miguel Angel Paezek nabarmendu du genero ikuspegia ere presente dagoela planeko jarduketa guztietan. Genero berdintasuna hobetzeko helburuarekin, “askotariko neurriak” aktibatuko dituzte eta Emakumeen Etxea bezalako espazio berri bat izango du Irunek aurrerantzean.