BDSKoop-ek 'bizHIRIak' foroa antolatu du bigarrenez
Bidasoa Beheko eskualdean trantsizio ekosoziala bultzatzeko helburuarekin, bi hitzaldi antolatu dituzte Palmera Monteron: hilaren 17an eta 30ean.
BDSKoop-ek, Bidasoa Beheko ekonomia soziala eta tokiko garapena sustatzen dituen elkarteak, ‘bizHIRIak’ foroa antolatu zuen iaz lehenengoz, Txingudi eskualdeko hiri ereduaz jarduteko. Aurten foro horri berriz helduko diotela jakinarazi du elkarteak, eskualdean trantsizio ekosoziala bultzatzeko helburuarekin aurrera eginez.
Iaz ekologikoki zein sozialki justua den hiri batera jotzeko beharraren afera jorratu zutela gogorarazi dute antolatzaileek, hiria hartuz trantsiziorako abiapuntu gisa, elkartegintzatik datozen planteamendu alternatiboetan arreta jarriz eta Ekonomia Sozialaren ikuspegitik helduz gaiari.
Aurten ildo beretik planteatu dute bigarren foroa. Ahalegina eta trantsizio ekosozialaren markoa kokatu eta erronkak eta aukerak zeintzuk izan daitezkeen argitzen ahaleginduko direla zehaztu du elkarteak.
‘Bizi nahi dugun lurraldeak’ lelopean, bi hitzaldi antolatu dituzte. Lehena hilaren 17an izango da, Palmera Monteron, 18:00etan, euskaraz. ‘Gure lurraldeak krisi ekosozialaren aurrean. Aukerak eta erronkak’ da lehen saioan landuko duten gaia. Unai Pascual eta Iñaki Barcena izango dira hizlariak.
Bigarren hitzaldia, aldiz, hilaren 30ean izango da, Palmera Monteron, 18:00etan, elebiduna. Bigarren saioan ‘Trantsizioa nola? Eko-feminismoaren eta herrigintzaren iparrak’ gaia jorratuko dute. Blanca Baias eta Bergarako Ehundu izango dira hizlariak.
Foroaren inguruko informazio gehigarria jasotzeko helbide elektronikoa eta 843 74 01 98 telefonoa ahalbidetu dituzte.