Irungo erabilera anitzeko pabiloia, urratsak egiten
Irungo Udala atariko dokumentu bat idazten ari da gunea Ficobako parkingean kokatzeko aukerak aztertzeko. Santano entitate eta instituzioekin ere harremanetan dago proiektua helarazteko.
Duela gutxi “Gipuzkoak behar duen” erabilera anitzeko pabiloia Irunen kokatzeko interesa helarazi zuen Irungo Udalak. Gune horrek Bidasoa Irunen etxeko partidak jokatzeko eta gaur egun Gipuzkoan antolatu ezin diren kultur ekitaldi handiak antolatzeko bidea emango lukeela azaldu du udalak.
Udala urratsak egiten ari da proiektu hori egikaritu ahal izateko. Momentu honetan, atariko dokumentu bat lantzen ari dira, instalazioaren ezaugarri urbanistiko eta ekonomikoak aztertzeko. Kokaleku gisa Ficobako parkinga aukeratu dutela aurreratu dute. Bertan kokatuko litzatekeen instalazioak 10.000 lagunentzako ekitaldiak eta 5.000 ikuslerentzako estalpeko kirol partidak hartzeko aukera emango lituzkeela jakinarazi dute. Horrez gain, 700 ibilgailurentzako lurpeko aparkaleku bat ere har lezake gune horrek, eta Ficobak egun dituen aparkalekuei gehituta, 1.000 leku inguru izango lituzke guneak.
Jose Antonio Santano alkatea harremanetan jarri da jada udal talde politikoekin proiektuaren behin-behineko zenbatekoen berri emateko. Foru Aldundiko diputatuari ere helarazi dio proiektua, eta ildo beretik, Eusko Jaurlaritzarekin biltzekoa da. Espainiako Gobernuarekin ere elkartu da, eta Miquel Iceta Kultura eta Kirol ministroak Kirol Kontseilu Gorenarekin harremanetan jartzeko aukera eskaini dio, “elkarlanean aritzeko bideak urratzeko eta pabiloiaren ezaugarrien diseinuak goi mailako instalazio batenak izatea eta egungo txapelketen eskakizunak betetzea bermatzeko”.
Alkateak ere Bidasoa Iruni helarazi dio informazioa, Artalekuk laster txapelketa batzuetarako gutxieneko eskakizunak betetzeari utziko dionez, klubak bertan jokatuko bailuke. Euskadiko, Gipuzkoako eta Espainiako Eskubaloi Federazioetako presidenteekin ere jarri da harremanetan, eta Irunek nazioarteko lehen mailako eskubaloi ekitaldiak antolatzeko emango lituzkeen aukeren berri eman die.