Gaur izango da Asun Casasola ipuin lehiaketaren sari banaketa
Kabigorrin elkartuko dira gaur, 19:30ean. Beste edizio arrakastatsu bati bukaera emango diote, bizkarrean 2.500 ipuin baino gehiago jaso izanda.
VIII. Asun Casasola ipuin lehiaketak arrakastatsua izan dela esan daiteke, 369 ipuin jaso dituzte eta horietatik %60 Irun ez den beste jatorrietatik bidali dituzte.
Bi sail eduki ditu lehiaketak, gazteena eta helduena eta euskaraz eta gaztelaniaz ahal izan dituzte aurkeztu ipuinak bai gazteek eta bai helduek. Beraz, lau sari banatuko dituzte gaur, Kabigorrin, 19:30ean. Berrikuntza bakarra eduki du lehiaketak: gazte eta helduei gai ezberdinak proposatu dizkiete.
Gazteek, 2005 eta 2012 urteen artean jaiotakoek, ea nola ikusten duten umeek indarkeria matxista galdera izan dute proposamen; helduek, 2006 urtera arte jaiotakoek, indarkeria matxista haurren begiradatik irudikatzeko lana izan dute.
Helduenean, 300 euro emango dizkiote irabazle bakoitzari eta gazteei 100 euro irabazle bakoitzari. Gainera, saridun guztiek 50 euroko balioa duen Iruñeko Katakrak liburu dendak feminismoaren bueltan osatutako liburu sorta bana eramango dute ere.
Emakumez osatutako epaimahaia izan da edizio honetakoa ere. Horrela, helduen euskarazko lanak baloratzen aritu dira Yurre Ugarte, Ainhara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain; gaztelaniazkoak, Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez.
Aldiz, gazteen euskarazko ipuinak irakurtzen Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez egongo dira; gaztelaniazkoak, Noelia Lorenzo, Maite Bergara eta Naroa Gonzalez.
Ipuin irabazleak irakurriko dituzte gaurko ekitaldian. Irakurleak izango dira Maria Jose Atienza, Ander Arzak, Mikel Gartzia eta MariaLui Garcia kazetariak. Maite Elizondo arduratuko da musikaz eta aurkezle lanetan Joana Otxoteko eta Nerea Sarriegi egongo dira.
Asun Casasola ere bertan izango da eta Berdintasunerako Asun Casasola elkarteak errekonozimendu bat egin dio: “Asun Casasola izango dugu gurean, bere jardunarekin jarraitzen duen emakumea. Indarkeriarik gabeko bizitzak irudikatzen lagundu nahi duen ariketa kolektiboa da lehiaketa, bera omenduz baina baita guztion hitzak batuaz berdintasunaren bidea eraikiz”.