[Bideoa] Babes handiko eta aldarri oihu askotako manifestazioa
Alardea eta V.Berdintasun plaza izan zituzten hizpide bukaerako ekitaldian. "Plana loteslea da" aldarrikatu zuten, baita ere "Emakumeak Alardean".
Txingudi osoko herritarrak batu ziren atzo M8 Asanblada Feministak antolatutako manifestazio deialdira. Denon bizitzak erdigunean aldarria nagusitu du aurten Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta Bidasoko manifestazioaren antolatzaileek bat egin dute eskakizunarekin.
Mugak haustea eta zubiak irekitzearen aldarriak ere bere lekua izan zuten. Feminismo “antikapitalista antiarrazista” aldarrikatu zuten ere oihu artean. Lelo nagusia gora borroka feminista izan zen.
Hondarribitik eta Urruñatik ateratako zutabeek bat egin zuten Irungo Iparralde hiribidean, eta denak batera Istillaga plazara joan ziren amaiera ekitaldia egiteko. Bertan, “beste Martxoaren 8 batez” beste urteetako aldarriak eskatzen ari direla salatu dute: “Beste martxoaren 8 batez gure eskubideak, askatasunak, ikusgarritasuna eta mundu kapitalista, kapazitibo, heteropatriarkal, klasista, sexista, kolonial eta arrazista honetan gure lekua aldarrikatzen jarraitu nahi dugu”.
Jarraian, V.Berdintasun plana loteslea dela aldarrikatu zuten, eta ozen eskatu zuten emakumeak alardean egon behar direla.