Bidasoan ekiteko bekak, martxan
Negozio bat abian jartzeko ekimen berritzaile bat esploratu nahi duten pertsonei, laguntza ekonomikoa, aholkularitza eta doan lan egiteko gune bat eskaintzen zaie.
Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Biziriken bitartez, Bidasoan ekiteko beken lehen deialdia aurkeztu dute. Egitasmo horrek negozio ideia definitzea eta ekintzailetza zirkularra eta gizarte berrikuntza garatzea bilatzen du, eta 15.000 euroko aurrekontua du. Honakoa da beken laugarren ekitaldia.
Beka horien helburua da “potentzial berritzailea duten ideiak dituzten eta enpresa proiektu bideragarri bihur ditzaketen pertsonei laguntza ekonomikoa eskaintzea”. Bekadunek, gainera, Bidasoa Bizirikeko coworking gunean kosturik gabeko lanpostu bat izango dutela aurreratu dute antolatzaileek, wifi sarerako, bilera geletarako eta ekintzailetza ekosistemarako sarbide librearekin. Bekak irauten duten denboran, “elkarlaneko eta berrikuntzako ingurune ireki batean” lan egin ahal izango dutela zehaztu dute.
Bekek, halaber, ekiteko, joera edo jarduera berriak ikertzeko eta negozio ideiak aztertzeko aukera ematen dutela jakinarazi dute Bidasoa Bizirikeko kideek.
Izen-emateak
Irunen edo Hondarribian erroldatuta dagoen adin nagusiko edonork eskatu dezake beka, eskualdean enpresa bat sortu nahi badu eta EJZn alta emanda ez badago. Horrez gain, eskatzaileak ezin du bekaren onuradun izan azken hiru urteetan, eta bi udalerrietako udalekiko zerga betebeharrak egunean izan beharko ditu. Halaber, pertsona horrek konpromisoa hartu beharko du Irunen edo Hondarribian enpresa bat sortzeko ekimena abiatzeko.
Izen-emateak irekita daude jada, eta eskabideak bi epetan aurkez daitezke. Lehenengo epea apirilaren 30ean itxiko da, eta hala badagokio, bigarren irekiera bat egongo da maiatzaren 1etik irailaren 30era.
Eskatzaile bakoitzeko bekaren gehienezko zenbatekoa 2.500 eurokoa izango dela adierazi dute. Esleipena ez da hilean 400 eurotik gorakoa izango eta gehienez sei hilabetez jasoko da.
Balorazio irizpideak
Aurkezten diren proposamenak baloratzerakoan, Bidasoa Bizirikek zero eta ehun puntu bitarteko baremoa ezarriko du. Baremo horretan, proposatutako negozio ideiarekin lotutako prestakuntza teknikoa eta esperientzia profesionala ebaluatuko direla baietsi dute, baita enpresa kudeaketako prestakuntza, proposamenaren zehaztapen eta argitasun maila, aurreikusitako lan plana eta proposamenaren interes maila, Bidasoaren Garapen Ekonomikorako Plan Estrategikoaren helburuak lortzeko egiten duen ekarpena kontuan hartuta.
Iaz lau beka esleitu zituzten proiektu berritzaileak gauzatzeko: Twitch bideo jokoen ataria, Turismo aktiboa: natura kirolak, Drone eskola eta Hezkuntza berriztatzeko aholkularitza.
Informazio gehiago nahi dutenek Bidasoa Bizirikeko Ekintzailetza eta Jarduera Berria sailarekin jarri daitezke harremanetan 943 50 96 00 telefonora deituta edo garapen agentziaren helbide elektronikora idatzita.