Meazuriko meatzeak, ostegun honetako bidai proposamena
Manu Miguelezek, Jon Villafrancak eta Raul Martinezek aurkeztuko dute Aiako Harriko meatze hauetara egindako bidaia. Gaztelaniaz izango da saioa eta sarrera doakoa da.
Aiako Harrian dauden Meazuriko meatzeetan egindako bidai bati buruz ariko dira datorren Zure abenturaren bila zikloan. Aurkezpenari Meazuri. Iragana, oraina eta geroa deitu diote.
Ohi moduan, abenturaren protagonistak joango dira aurkezpena egitera eta hizketaldia luzatzera. Horiek Manu Miguelez, Jon Villafranca eta Raul Martinez izango dira.
Amaia KZn antolatu dute saioa, martxoaren 9an, osteguna, 19:30ean, eta gaztelaniaz egingo dute. Ez da aurretik sarrerarik eskuratu behar eta doakoa da sartzea. Antolatzaileek azaldu dute saio hau egiteko Dark Rad Team argazkilaritza-elkartearen laguntza eduki dutela.
Irugurutzetako meatzeak
Aiako Harriko Irugurutzetan dago burdin karbonatoa kiskaltzeko Gipuzkoako labe bateriarik handiena dena, eta Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat ere izendatu dutena.
Urte luzetako historia daukan ola da: Burdin Aroan hasi zen; Erromatarrak ere probestu zuten; eta Erdian Aroan eta Aro Modernoan ere erabili ziren. Meatzaritzaren une gorena XX. mende hasiera izan zen, jarduera handiena izan baitzuen orduan.