Maila erakutsi du BATek asteburuan izandako Espainiako hiru txapelketetan
Master Espainia Txapelketa; 20 urtez azpiko Espainia Txapelketa; eta 16 urtez azpiko Espainia Txapelketan aritu dira atleta bidasoarrak.
Bidasoa Atletiko taldea lehiaketaz jositako asteburua izan du. Espainiako hiru txapelketa egin dira: Master Espainia Txapelketa; 20 urtez azpiko Espainia Txapelketa; eta 16 urtez azpiko Espainia Txapelketa.
20 urtez azpikoa
Sabadellen egin zen txapelketa hau pista estalian. BATko lau atleta bertaratu ziren Kataluniara: Joaquin Alonso, Mario Estanga, Beñat Mikelarena, eta Laia Olaskoaga. Brontzezko bi domina eta bosgarren postu bat poltsikoratu zituzten bidasoarrek.
Joaquin Alonsok lehen kanporaketa proba 8,09 segundorekin gainditu zuen 60 metro hesietan. Finalaurrekotan gogor borrokatu behar izan zuen finalerako sarrera, eta azkenean lortu egin zuen 8,08 segundorekin. Hirugarren sailkatu zen, azkenean, 8,08ko denborari eutsita.
Alonsok denboraldi erregularra egin du pista estalian BATek azaldu duenez. Asteburu honetako emaitzak eta brontzezko domina irabazteak denboraldi ezin hobe baten amaiera eman dio.
Mario Estanga pertika jauzian aritu zen eta brontzezko domina ekarri du etxera. Hasieran 4,35 metroko saltoa egin zuen; jarraian 4,50 metrokoa. Ezin izan zuen 4,60 metroak gainditu, baina podiumera igotzea irabazi zuen hirugarren postua bereganatuta.
Beñat Mikelarenak denboraldi zorrotza egin duela adierazi du BATek. Asteburu honetako txapelketan ongi hasi zuen lehen kanporaketa, lehena izan baitzen 22, 11 segundorekin. Bigarren finalaurrekoan lehena izan zen 21, 99 segundoko denborarekin.
Finala bi zatitan banatuta egon zen, eta Mikelarenak B multzoan aritu zen. Bigarren geratu zen 22,02 segundo eginda, eta sailkapen orokorrari begiratuta bosgarren lekua izan zen bidasoarrarena. Hirugarren postutik sei ehunenetara geratu zen.
Laia Olaskoagak 200 metrotan aritu zen korrika eta bere serietako laugarren postua irabazi zuen. Denboraldi ona eginagatik lortu du Sabadellen parte hartzea taldeak azaldu duenez. “Laia lesio bat izatetik bueltatu zen eta gutxika gutxika bere maila berreskuratzen joan da neguan zehar. Era horretan, Espainiako 2o urtez azpiko txapelketara iristea lortu du”.
Master Espainia Txapelketa
Antequeran (Malaga, Espainia) egin da asteburu honetan Master Espainia Txapelketa. Bertan atleta beteranoak izaten dira protagonistak eta BATeko hainbat joan ziren bertara.
Jose Mari Zabalak izugarrizko forma erakustaldia egin zuen eta urrezko bi domina ekarri ditu etxera. Horietako bat 400 metrotan 59,48 segundo eginda bereganatu du; bestea 200 metrotan 26,40 segundo eginagatik. Bere marka pertsonala hobetu du Zabalak eta txapelketetako errekor berria egin du.
“Harrigarria”, adierazi du eskualdeko taldeak. Garaipen horiez gain 60 metrotan brontzezko domina jantzi zuen ere 26,40 segundoko denbora eginda.
Arantza Ausanek ere indartsu dagoela erakutsi zuen, eta urrezko eta zilarrezko domina bana irabazi zituen. Urrezkoa 60 metro hesietako proban lortu zuen 9,69ko segundoko markarekin. Zilarrezkoa 200 metroko hesi probetan jantzi zuen 28,92 segundotan burututa proba.
Jone Ausan 60 metro lisoetan lehiatu zen eta hamabigarren postuan sailkatu zen 8,91 segundoko denbora egin zuela. Ez zen egin zuen proba bakarra izan eta 200 metrotan 29,32 segundo egin zituen.
Susana Ruizek 400 metrotan eta 800 metrotan egin zuen lasterka. Luzera motzena zuenean bere marka pertsonala hobetu zuen 1:06,57 minutuko denbora eginda eta zortzigarren postua irabazita. Halaber, 800 metrotan ere denboraldi honetako bere marka pertsonala hobetu zuen 2:38,38 minutuko denborarekin eta zortzigarren postuan geratuta.
Gustavo Gutierrez 60 metro hesietako probaren irabazlea izan zen 8,95 segundoko markarekin. Antolakuntzak ez zion dominarik eman Espainiako nazionalitate agiria ez izateagatik.
4×200 metroko errelebo mistoan ere lehiatu ziren Jose Mari Zabala, Fernando Garcia, Jone Ausan eta Arantza Ausan. Bosgarren izan ziren, 1:52,87 minutuko denborarekin.
Bestalde, Fernando Garciak ezin izan zuen txapelketan parte hartu beroketak egiten ari zela min fisikoa sentitu zuelako.
16 urtez azpikoa
Urrezko lau domina irabazi dituzte taldeko gazteenek.
Egoitz Mikelarena 300 metrotan aritu zen korrika eta 37, 45 segundorekin lehen postua berarentzat izan zen. Espainiako txapelketan lehiatzeko gutxieneko denbora egin zuen bidasoarrak.
Naia Llorentek bere kategoriako jauzirik altuena egin zuen 1,64 metrorekin. Bere marka pertsonala hobetu zuen urrezko domina irabazteaz gain. Gainera, 1,67 metroak gainditzeko zorian izan zen Llorente, eta Mikelarena bezala Espainiako txapelketara joango da.
Gipuzkoako txapeldun izan zen Alai Cabello 16 urtez azpiko 600 metroko lasterketan. Bidasoarrak 1:30,64 minutuko marka egin zuen. Bestetik, Jon Gajate ere lehena izan zen 60 metro hesietan, 9 segundo eginda. Bai Cabello eta bai Gajate ere Espainiako txapelketara joango dira.
Rafael Caseauk bi domina irabazi zituen Gipuzkoako 16 urtez azpikoan. Gajateren jarraian sailkatu zen 9,81 segundoko denborarekin, eta brontzezkoa izan zen Caseaurentzat luzerako 5,27ko jauzia egin ondoren.
Azkenik, Mariela Beraza hirugarren izan zen 600 metrotan 1:42,61 minutuko denborarekin. Brontzezkoa jantzi zuen.