[Bideoa] 'Eta hala ez bazan', estereotipoetatik aske hazteko egitasmoa
Parean elkarteak haur literaturaren inguruan gogoeta egitera gonbidatu nahi du gai horren inguruan sortu duten bideo batekin.
Parean elkarteak haur literaturaren inguruan gogoeta egitera gonbidatu nahi du sortu duten bideo batekin. Eta hala ez bazan egitasmoa Txingudi ikastolako BHIko ikasle, zuzendaritza eta irakasleen, Patata Tropikala antzerki laborategiko aktoreen eta Bira Produkzioak kooperatibaren laguntzarekin egikaritu dutela azaldu dute Pareaneko kideek.
Estereotipoetatik aske hezteko eskubidea aldarrikatu nahi dute abiatu duten proiektuarekin: “Ahoz aho kontatzen ditugun ipuin eta istorioek, haur eta nerabeengan duten eragina ikusarazi nahi dugu; eta aldi beran, haur literaturan matxismoaren normalizazioaren aurka borrokatzeko tresna izan nahi du sarean zabaltzen dugun bideo honek, askotan oharkabean igarotzen diren egoerak birpentsatzeko aukera eskainiz”.
Bideoa euskaraz sortu dutela zehaztu dute Parean elkarteko kideek. “Hezkidetzaren aldeko bitartekoak beharrezkoak ditugu, are gehiago gure hizkuntzan”, gaineratu dute. Eta hala ez bazan proiektuak Cambia el Cuento egitasmo katalana “oinarri eta bidelagun” izan duela jakinarazi dute, baina “gure herriari eta hezkuntza komunitateari euskarazko bitartekoak eskaintzeko helburuarekin” egin dute euskara hutsean.
Haur literaturan “aurreiritzi sexistak” daudela adierazi dute elkarteko kideek, hala “ondorioztatzen” baitute aurrez egindako beste ikerketek: “Errealitate hau ezagutarazi, sentsibilizatu eta bide batez, aurreiritzi sexista hauek desagertzeko bideak ipintzea izan da proiektuaren beste asmoetako bat”.
Sortu duten bideoa iragan ostiralean aurkeztu zuten Txingudi ikastolan.