[Erreportajea] Irungo Emakumeen Etxea, gertu
Azken urteetan hainbat saiakera egin ondoren, orain bai, Irunek Emakumeen Etxea izango du, Istillaga plazan kokatua egongo dena. Lokala Martxoaren 8an aurkeztuko dute, egitarau zabalarekin.
Irungo Emakumeen Etxea errealitatea izango da aurki. Istillaga plazan kokatuko den espazioa bukatzear dago, azken lanekin daude. Aurreikuspenen arabera, apirilaren 17an irekiko dela aurreratu dute Emakumeen Etxearen zuzendaritza batzordeko Aintzane Ugaldek, Olga Rivasek, Maribel Castellok eta Ros Campok; baina gune horretan lanean ari diren emakumeek jakinarazi dute data horri aurrea hartuko diotela, Martxoaren 8an bertan aurkeztuko baitute ofizialki Irungo Emakumeen Etxea.
Datorren asteazkenerako egitarau zabala antolatu dute, Martxoaren 8an presentzia izateko. 13:30ean egingo dute gunearen aurkezpena eta prozesua egi bihurtu bitarteko irudiak proiektatuko dituzte. Aurkezpenaren ondoren, Clownclusiones izeneko ikuskizun bat egongo dela jakinarazi dute. 14:30ean bazkaria egingo dute. Arratsaldean, manifestaziora batuko dira, eta eguna bukatzeko, 20:00etan, Pencoletas Sisters taldeak show feminista bat egingo du.
Parte hartze prozesua
Irungo Emakumeen Etxea errealitate bat bada ere, urte luzeko prozesu baten emaitza da, proiektua aurretik dator. Maribel Castellok oroitu du 1980ko hamarkadan Irunek «mugimendu feminista antolatua» zuela, baina alardearen gaiarekin «arazo handiak» izan zituztela. Hori dela eta, mugimendu hura «desegin» egin zela esan du.
Urte «latz» horien ondoren, funtsezkotzat jo zuten emakumeen jarduna berreskuratzea. Emakumeen Etxearen aldarrikapena 2008tik datorrela adierazi du zuzendaritza batzordeko kideak, «herritarrei helarazteko feminismotik egiten den lana, Irun feministago bat eraikitzeko». Ondoren, 2011n, lehen parte hartze prozesua gauzatu zen Emakumearen Etxearen proiektua egikaritzeko, eta azkenean, 2019ko azaroan, egungo etxea denaren lehen harria jarri zuten, urte hartan abiatu baitzuten prozesu parte hartzailea.
Prozesu horrek bi urrats izan zituela nabarmendu du Ros Campok, pandemia garaikoa eta ondorengoa: «Pandemia garaian aurrez aurrekoa behar zuen prozesu bat, online egin behar izan genuen. Topaketa horiek gabeziak izan zituzten, ez baitzuten emakumeen arteko sarea osatzea bermatzen, hotzak ziren. Emakume asko, gainera, ez ziren teknologiekin moldatzen, eta diskriminatuak geratu ziren. Lehen prozesu hartatik ideiak erreskatatu genituen, baina aurrez aurre aritzeko beharra ikusi genuen. Bigarren prozesua zortzi saio presentzialek osatu zuten, hilean behin elkartzen ginen».
Prozesu parte hartzailean, gainera, etxearen helburuak ezarri zituztela zehaztu du Olga Rivasek. Honakoak dira: «Emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistari aurre egitea, mugimendu asoziatiboa bultzatzea, espazio seguru bat sortzea, edota emakumeentzako eremu bat bermatzea». Gunea edukita eta irizpideak osatuta, Emakumeen Etxeak «mugimendu feminista ikusaraztea eta eremu fisiko bat izatea» ahalbidetuko dutela adierazi du Aintzane Ugaldek.
Emakumeen elkartearen kudeaketa
Emakumeen Etxearen eguneroko jarduna emakumeen elkarte batek kudeatuko duela jakinarazi dute zuzendaritza batzordeko kideek. Estatutuak, helburuak eta irizpideak prest dituztela adierazi dute, eta zuzendaritza batzordea ere egina dago. Orain, elkartea legalki osatua dagoela, lanean hasteko unea iritsi zaie euren jarduna ikusgarri egiteko. Ugaldek aitortu du «mugimendu feminista motibazio handiarekin» dagoela. «2018an mugimendu feministak indar handia hartu zuen, baina pandemiak dena paralizatu zuen. Oraingo emakumeak motibatuta ikusten ditut borroka feminista hori berreskuratzeko», esan du Ugaldek. «Ilusio handiko proiektua dugu eskuartean. Espero dugu ondo ateratzea», gaineratu du Rivasek.
Lau emakumeek baietsi dute momentu honetan Irungo Udalarekin harremanetan daudela «hitzarmen bat negoziatzeko». Etxearen eguneroko jarduna emakumeen elkarteak kudeatuko badu ere, «kogestio» bat dagoela zehaztu dute, udalaren eta emakume elkartearen artekoa. «Hitzarmen horrek Emakumeen Etxearen lerro nagusiak markatuko ditu. Udalaren eta elkartearen ordezkaritza negoziatzen ari dira, puzzlea osatzeko. Guk argi dugu Irungo egunerokoan eragin nahi dugula», gaineratu dute zuzendaritzako kideek.
Handitzeko nahia
Emakumeen Etxeak bere jarduna orain aktibatuko badu ere, dagoeneko 70 bazkide direla esan dute lau emakumeek. Talde eta esparru ezberdinetako emakumeak lanerako bildu direla nabarmendu, eta bide onetik doazela iragarri du Ugaldek: «Sentsazioa dut ematen ari garen urratsak, motzak izan arren, sendoak direla. Uste dut mugimenduan errotuko direla. Garrantzitsua da pausoak ematea eta denboran mantentzea».
70 emakume elkartu badira ere, taldea handitzeko nahia eta beharra dute Irungo emakumeek, emakumeen «topaketa gune bat» eraikitzea baita haien helburua: «Jende berria eta batez ere gaztea erakarri nahi dugu, etorkizunera begira ari baikara lanean. Kolektibo zaurgarrienetara ere iritsi nahi dugu, haiek ere espazio honekin goza dezaten. Eta, guk, argi dugu: Emakumearen Etxeko ateak beti zabalik egongo dira beharra duenarentzako. Hemen mugimendua egotea nahi dugu».
Epizentroa, Istillaga plazan
Emakumeen Etxeak Istillaga plazan egingo du bidea, hiriaren erdialdean. Lokalak 280 metro koadro ditu, eta hainbat gune dituela aurreratu dute lau emakumeek. Espazioa handia izan ez arren, «aukera asko» ematen dizkiela onartu dute: «Dugun espazioa ez da oso handia, baina aukera asko ematen dizkigu. Plaza handi bat dugu aurrean eta lekua oso ona da, zentroan gaude, irisgarria da. Ekintzak antola ditzakegu lokaletik kanpo, bertatik joan gabe».
Emakumeen Etxeak balioaniztun gune bat izango du, eta beste espazio batean udaleko teknikariak izango dira arreta emateko.
Gune horretan gauzatuko dituzten jarduerei dagokionez, ideia ugari dituztela aitortu dute lau emakumeek, betiere «emakumeen autozainketa eta ahalduntzea» sustatuko dutenak. Ekintza horiek zuzendaritza batzordearen barruan dagoen talde batek kudeatuko dituela azaldu dute, eta jarduera soziokulturalak, formakuntza saioak edota ikastaroak bideratuko dituztela aurreratu dute.
Irungo Emakumeen Etxea errealitate bat da jada, eta lanerako prest daude bertan bilduko diren emakumeak. Orain, erabiltzea besterik ez da falta.