[Elkarrizketa] «Espazio seguru batean sentitzen dira, eta hori zaindu behar dugu»
Feminismoaz hitz egiteko elkargune seguru bat sortu dute bi hondarribiarrek. Hilean behin Zuloaga Etxean elkartzen dira, haiek proposaturiko testuen gainean hausnartzeko. Izena eman daiteke oraindik ere.
Ane Garcia itzultzaileak eta Ane Lekuona Arte Historian doktoreak iazko azaroan abiarazi zuten Irakurle Talde Feminista. Feminismoaren gainean hitz egiteko, galderak egiteko, eta hausnartzeko sorturiko espazioa da. Hilean behin Zuloaga Etxea Udal Liburutegian biltzen dira, larunbatetan, 11:30ean.
Zer da irakurle talde feminista, eta zertan ezberdintzen dira zuen saioak ohiko irakurle taldeenetaz?
Ane Lekuona: Gure intentzioa edo honetara motibatu gintuena izan zen faltan botatzen genuela horrelako elkargune bat, non feminismoaz hitz egin daitekeen. Feminismoa ulertuta mugimendu politiko bat bezala, baina baita pentsamenduari lotuta ere. Nolabait, gure bizitzako arlo guztiak ukitzen dituen zer edo zer, eta batez ere nahi genuena zen hori, elkartze puntu bat. Horretarako irakurketa taldea deitu genion, pentsatuz testuak oinarri hartuta emango zigula aukera nahi genuen horretaz hitz egiteko. Baina egia da, irakurketa talde modura ezagutarazi garen arren, gure asmoa ez dela bakarrik literatura irakurri eta horretaz hitz egitea, izan zitekeela, baina ez dela gure intentzioa. Nahi genuena zen feminismoaren ardatz ezberdinak hartu abiapuntu, saio bakoitzean batetaz jardun horren inguruko testuak oinarri hartuz, gero hitz egiteko.
Ane Garcia: Puntualizatu behar dugu teoria feminista dela irakurtzen duguna. Ez dugula literatura irakurtzen, eleberriak edo. Gure taldearen asmoa da teoria feministetatik edatea, eta horien inguruan eztabaidatzea eta konpartitzea, gero gure bizitzan edo gure inguruetan aplikatu ahal izateko.
Esan duzue hutsune bat ikusi zenutela.
A.L: Ane eta biok kuadrillakoak gara, eta gure inguruan ditugun sareak kontuan hartuta ikusten genuen askotan feminismoaz hitz egiten dugula, baina tabernan. Eta gainera, ikusten genuen herrian dugun testuingurua kontuan hartuta ondo egongo litzatekeela horrelako elkargune bat sortzea, hitzordu bat jartzea eta belaunaldi ezberdinetako pertsonak animatzea gauza hauetaz elkar pentsatzera.
Nola izan da talde hau sortzeko prozesua?
A.G: Gure inguruko lagunekin askotan ateratzen dira feminismoari lotutako gaiak. Anek eta nik beti esaten genuen sortu behar genuela horrelako talde bat, irakurketa talde bat aitzaki hartuta, lagun taldeetatik harago doazen pertsonekin hitz egin ahal izateko. Inkesta bat egin genuen jendeak interesa izango zuen ala ez ikusteko, eta 40 bat pertsonak erantzun zuten. Sorpresa izan zen. Ondoren izen ematea zabaldu genuen nor etorriko zen jakiteko, eta listo, martxan jarri ginen. Liburutegiarekin harremanetan jarri, eta beraien bitartez oso ondo bideratu dugu agenda, lekua eta abar.
Ez dago emakumeei soilik zuzenduta.
A.L: Egia da konturatu garela hurrengo urteari begira agian espezifikatu behar dela ez dela emakumeentzat. Galderak eta interesa duen ororentzat da, baina errealitatea da iritsi diren guztiak emakumeak garela, emakume bezala bizi garela. Kontziente gara badagoela, nolabait, errealitatearen aniztasuna islatzeko beharra, eta hurrengo urterako ea lortzen dugun. Baina oso kontent gaude. Interesa duen orok du hemen lekua.
A.G: Nahiz eta etorkizunean saiatuko garen saio hetereogeneoagoak egiten, saiatuko gara zaintzen espazio seguru bat izan dadin. Saioak nola planteatu ikusten joango gara, partaide batzuek elkarbanatu baitute ez dagoela horrelako espaziorik herrian. Eta zentzu horretan espazio seguru batean sentitzen dira, eta hori zaindu behar dugu.
A.L: Hamabost bat emakume biltzen gara, nahiz eta egunaren arabera aldatzen den. Egia esan, zenbaki polita da, esan bezala aukera ematen duelako jendea aske eta goxo sentitzeko. Gure aspirazioa ez da jende asko biltzea.
A.G: Lehenengo egunean batek esan zidan: «Ia-ia ez naiz apuntatu, nik gauza hauei buruz ez dakidalako». Beraz, akademizismoan erortzeko arrisku hori landu behar genuela ikusi dugu. Azkenean interesgarriena feminismoa herritarrengana iristea da, eta ez diskurtso iritsezina izatea. Orduan hori praktikara eramaten saiatzen gara.
Nola da saioetako dinamika?
A.G: Gaiak aukeratuta ditugu. Oinarrietatik hasi ginen: feminismoaren historia, queer teoria… eta hilabete honetan klase borroka feminista landuko dugu. Hilabetero testu bat edo liburu bat bidaltzen diegu taldekideei. Normalean zatiak hautatzen ditugu, norbaitek osorik irakurtzeko denborarik ez badu. Ondoren, guk ildo batzuk prestatzen ditugu eztabaida sortzeko, baina azkenean hizketaldi bat sortzen da batak eta besteak pentsatu dutenarekin.
A.L: Batzuetan galdera batzuk prestatzen ditugu, baina nahiko lausotuak geratzen dira, eta testuinguruak ematen du aukera elkar ezagutza bat sortzeko.
Martxoaren 8ari begira, nola ikusten duzue jendartea? Horren gaineko zer sentimendu duzue?
A.L: Oso kontziente gara feminismoaren kontua popular bezala iritsi dela plazara, eta horrek bere alde onak ditu, baina baita bere arriskuak ere. Aldi berean, gauza askorengatik borrokatzen jarraitu behar dugu, eta hori plazan egin beharrekoa da.
A.G: Feminismoa popularizatzen ari den heinean, kontrako erreakzio nahiko bortitza ari da gertatzen feminismoaren helburuak ulertzen ez dituen jendearen aldetik. Borroka feminista oso zabala dela ulertu behar dugu, eta guri dagokigun borrokarekin bakarrik ez gara itsutu behar. Esan nahi dut, feminismoak borrokatzen du okerren daudenen alde, eta askotan okerren daudenak ez gara gu titulu pertsonalean. Eta uste dut adi egon behar garela ez uzteko albo batean kolektibo zaurgarriagoak, pertsona transak, pertsona migranteak, arrazializatuak eta abar.
Irakurketa talde feminista bada aletxo bat lanketa horretan, hala uste al duzue?
A.G: Bai. Azkenean, herri honetan egia da generoaren gaineko gatazka handia dagoela, eta horrek ere pixka bat xurgatu duela energia asko, pertsona feministen energia asko. Horregatik, guk nahi genuena zen energia hori beste gai batzuetara bideratu.