[Elkarrizketa] "Emakumeek gune publikoak borrokatu behar dituzte"
‘Una cuestion indecente’ liburua argitaratu du Aristietak. Lau nerabeen begietatik, emakumeek espazio publikoan borrokatu beharreko aurkakotasunaren jabetzea jorratu du.
Noiz hasi zinen idazten? Beti izan duzu afizio edo ofizio hori?
Aurretik inoiz ez nuen idatzi. Denbora batez ezin izan nion tarterik eskaini normalean eskaintzen nionari, kirola egiteari edo… Izan ere, amaren zaintzarekiko menpekoa izan naiz, eta berarekin egon behar nuen. Prozesu guztia hasi zen denbora horretan irakurtzen ibili nintzelako. Behin irakurketa eginda, irakurritakoa kontatu nahi nuen, hori guztia ordenatu nahi nuela konturatu nintzen.
Liburua irakurketa guztietatik lehenbizi arreta eman zidanarekin hasten da. Informazio hori oso sakabanatuta neukan, bideoetan, artikuluetan… ez nuen gai hori jorratzen zuen kontakizun bat aurkitu. Idazten joan nintzen heinean estruktura sortzen joan nintzen, ez nuen aurretik pentsatu zein izango zen egitura eta zer izango zen idatzi nahi nuena, baizik eta aurkitu nuena antolatu nahian sortu nuen orain esku artean daukadan liburua.
Zer izan zen topatu zenuena?
Istorio bat topatu nuen, zerikusia zeukana Olinpiar Jokoetan emakumeen parte hartzearen historiarekin. Emakumeak oposizio fuerte bat topatu zuen Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izateko hamarkada luzetan zehar. Oposizio hori Nazioarteko Olinpiar Batzordeko gizonek eta Olinpiar Joko modernoak sortu zituztenek egin zuten. Aurrean, Emakumeen Kirol Elkarteetako kideek egindako borrokarekin egin zuten topo, Alice Milliat buru zutela. Historiaren pasarte horrek atentzioa eman zidan, eta datuekin istorio hori ordenatzen hasi nintzen.
«Mendeetan zehar, gizarte-sistema hierarkizatu bat ezarri eta hobetu da, emakumeak bereizi eta zapaltzen dituena», diozu. Nola ondorioztatu zenuen hori?
Emakumeek izan zuten aurkakotasun hori ikusten hasi nintzenean, asko gogoratu zidan hemen alardeekin gertatu zena. Paralelismo handia zegoen. Gauza puntual asko zeuden, baina hemen gertatutakoa gogorarazten zidaten. Orduan, emakumeek espazioa bereganatzearena beste toki batzuetan nola egin zen bilatzen hasi nintzen, eta beti istorio bera errepikatu zela ikusi nuen: emakumeak, edozein espazio publikotan sartzean, aurkakotasun irmoa izan du beti: gezurretan, emakumeen gaitasun faltari buruzko teoria faltsuetan, irainetan eta deskalifikazioetan oinarritu zen oposizio lotsagabe batekin egin zuten topo, etxeko espazio pribatuan mantentzeko eta espazio publiko horietara sartzen ez uzteko helburuarekin egindakoa.
Kirola, hezkuntza, lana, jaiak… Gune horietako bakoitzean emakumeak gune publikoak borrokatu ditu, eta sortzen ari ziren teoria faltsu horiei guztiei aurre egin behar izan die, irainari eta deskalifikazioari aurre egin behar izan die arlo publikora sartzean. Borroka hori oso antzekoa izan da kasu askotan.
Liburua planteamendu batera iristen da, ezta?
Bai. Liburuaren egitura gertakizun hauen berri izatea da, hainbat ikaslek eskolarako egin behar dituzten lan baten bitartez. Soinketako ikasgaian eskatuko diete lan hori egitea, eta protagonistetako batek aurkituko du Olinpiar Jokoen historia. Hortik aurrera ohartuko dira beste espazio publikoetan ere gauza berbera gertatu dela. Hasiko dira lehen aldiz entzuten patriarkatua, feminismoa, edo mikro matxismoa hitzak, eta horien esanahia zein den ere deskubrituko dute. Hasiko dira jakiten oposizioaren teoria zer den, eta emantzipazioa lortzeko borroka zein izan zen, maila oso xumean, gero hariari tiraka hasteko.
Ikuspegia aurre-nerabezaroko inozentzian jarri behar da. Pertsonaia protagonisten adina irekia utzi nahi izan dut, izan daitezkeelako DBH bukatzen ari diren neska batzuk, edota 30 urteko norbait, alardean parte hartzea erabaki duena. Hortik doa ideia. Liburuan hitz egiten den guztiaren gaineko ezagutza, akaso, ez duzu izango duzun adinaren arabera. Nik kirolaren esparrukoa ez nuen ezagutzen, ez da liburuetan beti ageri den zerbait. Bestetik, hizkuntza inklusiboan hitz egiten da beti. Badirudi emakumeari dena dagokiola, baina gero ez da egia. Alegia, sufragio unibertsalaz hitz egiten zen, eta zuk diozu: «Baina nolatan unibertsala? Emakumeek ezin zuten bozkatu eta!». Baina hala ere, unibertsala deitzen zitzaion. Gerora zuzenketak egin zituzten eta egun sufragio unibertsal maskulinoa deitzen zaio. Emakumeak askoz geroago batu ziren sufragio horretara.
Jorratu duzun gai horri heltzeko, liburu honetan nerabe batek hori nola asimilatzen duen aztertu nahi izan duzu.
Nola asimilatzen duten baino, nik uste dut gertatu den lotsagabekeria hori, nola aurkitu duten ikusi nahi izan dudala. Emakumeak eremu publikoan sartzeko izan duen aurkakotasuna emakumearen gaitasunei buruzko gezurretan oinarritu da. Orduan, liburutxo honetan lau neraberen begiradaren eta ahotsaren bidez aurkitzen da hori. Institutuan lan batzuk egiterakoan deskubritzen dute, hain zuzen. Lan horiek egiten hasiko dira, eta emakumeen historia nolakoa izan den, eta arlo publikoan nola txertatu diren aztertzeari ekingo diote.
Zergatik erabaki duzu nerabeen ahotsa erabiltzea?
Ez da aurretik hartutako erabakia izan. Idazten ari nintzen bitartean otu zitzaidan zerbait izan da. Egia da liburua gazteek irakurtzea gustatuko litzaidakeela. Izan ere, inkontzienteki edo kontzienteki bada ere, gazteei zuzendutako liburua dela uste dut. Gazte garai horretan daudenentzat, eta konturatzen ari direnentzat nor diren, eta bizitza honetan zein den haien lekua jakiten ari direnentzat. Tamalez ezin izan dut euskaraz publikatu, hori baita nire nahia. Baina itzulpena egiteko baliabideen bila hasi nahi dut.
Kostatu al zaizu nerabe baten azalean sartzea?
Hori izan da gutxien kostatu zaidana. Hortik idazten nuen nik errazenen, eta istorioa kontatzeko oso lagungarria izan zait. Orain adi-adi nago jendearen iritziei, jakiteko esaten saiatu naizena ea nola itzultzen didaten, orain arte jaso ditudan iritziak ingurukoenak izan baitira, irakaskuntzaren alorreko jendearenak. Lanerako prestakuntza eta prestakuntza-teknika trebatzaile izan naiz, proiektuak egiten eta gazteekin ikastaroak kudeatzen. Pedagogian beti aritu naiz, hortaz, liburuak badauka nik pedagogiaz eta material didaktikoaz ezagutzen dudanetik.
Sistemak blokeoak ezartzea erraz izan duela ere adierazi duzu.
Prozesu honetan kontu askorekin egin dut topo. Esaterako, nire ama zendu berri da eta 1958. urtean notario batengana joan zeneko bere paper bat topatu dut. Bertan honako hau jartzen zuen: «Doña hura [bere amaren izena], bere senarraren laguntzarekin..». Ezin zuen bakarrik joan! Bata bestearen atzetik horrelakoak aurkitzen joan naiz.
Publikoa interpelatu nahi duzu. Nor zehazki?
Edonor. Denak konturatzen gara bizitzan zehar historian gertatutakoez eta konturatzen gara zein desleial izan den historia emakumearekin. Emakumeak ezin zuen goi mailako ikasketarik egin, adibidez. Ildo horretan, XIX. mendean agindu kontraesankor asko eman ziren emakumeek goi mailako ikasketekin jarrai ez zezaten. Ez da orain asmatzen ari diren zerbait, gertaera historikoak begiratzen badituzu ohartuko zara beti izan dela horrela. Denok dakigu zer gertatu zen. Gero, bakoitzak jabetu denarekin ahal duena egiten du. Pertsona guztiak interpelatzen dituen liburu bat da, eta neskak ohartzen ari diren guztiarekin irakurleak esan behar luke, «a zer bidegabekeria, ezta?».
Beraz, hizkuntzari buruz ere aritu zara liburuan?
Pertsonaiek erreferentzia batzuk egiten dizkiote hizkuntzari. Pertsonaietako bat ohartuko da gizonen garaipenez asko hitz egiten dela kirol munduan, baina gizon esate horren barruan ez dago emakumea [gaztelaniazko El Hombrez ari da]. Gizon horrek ez du emakumea esan nahi, gizonari egiten dio erreferentzia soilik emakumeek ezin zutelako parte hartu Olinpiar Jokoetan. Gizonaren lorpenak ez dira humanitatearen lorpenak. Neurri batean, hizkuntzak zer esan nahi duen deskubrituko dute liburuko pertsonaiek.
M de Mujer argitaletxearekin publikatu duzu liburua. Erabaki kontzientea izan da?
Hasiera batean, kirolaren atala bakarrik nuen idatzita. Nire lagunei kontatzeko asmoarekin idatzi nuen, gainera. Hori idazten bukatu nuenean iragarki bat atera zitzaidan sare sozial batean, eta bertan, M de Mujer argitaletxeak obrak eskatzen zituen baloratu ahal izateko. Argitaletxe tradizional bat zela jartzen zuen deskribapenean, hau da, ez zela autoedizio bat, eta egileari ez zitzaiola dirurik kostatuko. Iruzkinak irakurrita argitaletxe serio bat zela iruditu zitzaidan. Errazena bidaltzearen botoiari ematea izan zen, argitaratzeko inolako asmorik gabe.
Bi hilabetera erantzun zidaten, eta esan zidaten bidalitakoa laburra zela, baina 18.000 hitz gehituz gero, baloratuko zutela. Nik bi hilabete horietan idazten segitu nuen, eta ordurako banuen liburu luzeago bat. Bukatu nuenean berriro bidali nien nire lana, eta publikatuko zutela baieztatu zidaten. Orduan, lagun guztiei kontatu nien, eta haietako batek esan zidan: «Hori algoritmoa da! Badaki zer den behar duguna!».
Irakaskuntzan dabiltzan lagun batzuek irakurri dute jada, eta material pedagogiko ona dela uste dute. Institutuan edota eskolan lan egiteko material ona dela, alegia. Eztabaidarako hasiera puntu ona dela diote. Asko gustatuko litzaidake eskoletako apaletara iritsiko balitz.