Lapitzeko aparkaleku berria erabilgarri dago jada
46 ibilgailuentzako tokia du, horietako bat mugikortasun murriztua dutenentzako. Halaber, bizikletentzako eremu bat jarriko dute.
Elitxu-Lapitzeko aparkaleku berriaren inaugurazioa egin dute gaur. Diana kalean dago, Miguel de Anbulodi kaletik dauka sarrera, eta 46 ibilgailuentzako tokia du. Aurkezpena Obretako ordezkari Cristina Labordak egin du.
Auzotarrekin egindako bileren ondoren sortutako proiektua dela adierazi du Labordak, “horrela, ekimen honi esker, beren ibilgailuak errazago aparkatzeko aukera emango diegu auzotarrei”, eta Txenperenea eremuan egingo duten proiektuaren parte da aparkaleku hau.
Aurrekontua 130.000 eurokoa izan da, eta lanen arduraduna Urbycolan izan da. Obrak ia guztiz amaitu dituzte, soilik argi-puntu berriak instalatzea falta da. Lan hauen xedea auzoan aparkatzeko dauden arazoei erantzutea izan dela adierazi du Labordak.
Egiturari dagokionez, Hegoaldean zeharka aparkatuko dira autoak, eta iparraldean ilaran. Erdialdean bi errei egongo dira, 5,50 metro zabal guztira, eta amaieran irteerarik gabeko bide bat dago. Sigi-sagako marka batzuekin seinalatuko dute bukaera.
Zabalera 10 metro eta 12,5 metro artekoa da, eta 10 metro luze, norakoa aldatzeko. Zeharka aparkatzeko guneak 2,50 metro zabal eta 5 metro luze dira, eta ilaran aparkatzekoak 5 metro luze eta 2 metro zabal ditu. Mugikortasun murriztuko pertsonek aparkatzeko toki bat, eta bizikletak uzteko eremu bat ere instalatuko da.