Bidasoa Irunek garaipenarekin itxi du Europako Multzoen Fasea
Irundarrek D multzoko hirugarren postuan bukatu dute eta Lisboako Sporting izango da final zortzirenetako aurkaria.
Garaipen handia erdietsi zuen bart Bidasoa Irunek EHF Europa Ligako Multzoen Fasea ixteko. Irundarrak 29-26 nagusitu ziren Skanderborg-Aarhus indartsuaren aurka eta D multzoko hirugarren postuan bukatu dute, bederatzi punturekin. Europako ametsak aurrera darrai, eta Lisboako Sportingen kontra jokatuko dute txapelketako final zortzirenetan. Joaneko partida hilaren 21ean lehiatuko da.
Atzoko neurketa bide onetik hasi zuen Bidasoa Irunek, sendo defentsan, Skrzyniarz bikain atepean eta akatsik gabe erasoan, 4-0eko markagailuarekin jarri ziren aurretik lehen minutuetan. Bost golekoa izan zen irundarren abantaila handiena, eta errenta horrek lasaitasuna eman zien Jacobo Cuetararen mutilei lehen zatia arazorik gabe kudeatzeko. 16-12ko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatia, baina, ez zen lehenaren bidetik hasi, eta danimarkarrak izan ziren neurketaren pisua eraman zutenak. 42. minutuan, gainera, aurkariek markagailua berdintzea lortu zuten. Momentu hartan, Bidasoak hiru gol jarraian lortu zituen, eta 48. minuturako lau goleko abantaila zuten berriz ere markagailuan (23-19). Danimarkarrak saiatu ziren aldea murrizten, baina Bidasoak ez zuen aparteko arazorik izan garaipena lortzeko eta puntuak Artalekun uzteko.
Europa pasata Asobal Ligan zentratu beharko dute bidasoarrek. Igandean, gainera, partida handi bat jokatuko da Artalekun, Bartzelona ahalguztidunak bisitatuko baitu Artaleku, 19:30ean.