Gure Eskuk eztabaida herritarra egingo du ostegunean, Palmera Monteron
Gure Eskuk hamar urte egingo ditu ekainean, eta etorkizunera begira jarriko direla azaldu dute. Horretarako, herritarrek euren ekarpenak egin ahal izango dituzte.
Gure Eskuk hamar urte beteko ditu ekainaren 8an, eta “etorkizunera begira jarriz, herri dinamika indartzeko urtea” dela uste dute mugimenduko kideek. Hamar urte horietan tankera ezberdineko egitasmoak antolatu eta bide ezberdinak jorratu dituzte erabakitzeko eskubidearen alde. Azken ekitaldi masiboa uztailean gauzatu zuten, Pirinioetako 300 gailur baino gehiago argiztatuz, Euskal Herritik Kataluniara. “Baina gure gailurra ez dago Pirinioetan, gure gailurra zortzimilakoa da, eta era batera ala bestera, igoera horretarako prestatzen ibili izan gara beti; zeresanik ez, azken hamarkadan”, aurreratu dute mugimendutik.
Gure Eskuk lanean jarraitzen du euren aldarrikapenak bistaratzeko eta gizarteari zabaltzeko, eta hurrengo dinamiken berri eman du. Mugimenduko kideek azaldu dute Itsasargia izeneko eztabaida herritarra dutela abian, Nazioarteko Konferentzia bat antolatzen ari direla, eta Frantziako Tourra Euskal Herrian hasten dela aprobetxatuz, aldarriak “lau haizetara” zabalduko dituztela.
Itsasargia eztabaidari dagokionez, “helburu nagusia Gure Eskuren datozen urteetarako norabidea adostea” dela zehaztu dute mugimenduko kideek. “Burujabetzarako bidean jauzi bat egiteko asmoz, herri dinamikaren tesi eta lan-ildo nagusiak zein antolaketa eredua birpentsatzera goaz. Ez dugu eztabaida hutsetik abiatzen. Gure Eskuren balioak eta ia hamar urteko ibilbidea ditugu oinarri, eta Eskura prozesua (2015) aurrekari. Horrenbestez, bidean ikasitakoak kontuan hartuta, etorkizunari begira jarriko gara. Aintzat eman izan ditugun ideia eta joerak zalantzan jartzeko prest egoten saiatuko gara, gaur-gaurkoz baliagarri zaigunari eutsi, eta gainerakoa eraldatzeko”, gaineratu dute.
Itsasargia eztabaida “ahalik eta eztabaida herritarrena eta parte hartzaileena” izatea nahi dutela baietsi dute Gure Eskuko kideek, eta parte hartu eta iritzia eman nahi duen orok bide ezberdinak dituela jakinarazi dute:
- Gure Eskuren bazkideek Plaza Gure Eskuren plataforma digitalean sartu eta bertan ekarpenak idatziz egiteko aukera izango dute.
- Ekarpenak modu zuzenean eta presentzialean egiteko aukera ere izango da. Horretarako, martxoaren 2an eztabaida saio bat antolatu du Gure Eskuk. Saio hori Palmera Monteron izango da, 19:00etan. Eskualdeko herritarrei deia luzatu diete mugimenduko kideek.