Bidasoa Irun, Europako Multzoen Fasea ahalik eta ondoen bukatzera
Skanderborg-Aarhus talde indartsua jasoko dute gaur Artalekun, 20:45ean, eta presiorik gabe, partidaren bila aterako direla aurreratu du Cuetarak.
Iragan aste gozoa izan zuen Bidasoa Irunek. Asobal Ligan bigarren garaipena jarraian lortu zuten irundarrek eta etxetik kanpo zeramaten bolada txarra eten zuten Valladoliden 32-37 irabazita. Sailkapeneko lehen postuen lehian dira bidasoarrak, eta momentu honetan, bosgarren dira, 22 punturekin. Europa Ligan ere pozik egoteko arrazoiak ditu Bidasoak. Azken partida galdu arren, txapelketako final zortzirenetan izango dira Jacobo Cuetararen mutilak.
Europa Ligako Multzoen Fasea, baina, ez da bukatu, eta bidasoarrek gaur jokatuko dute lehen faseko azken neurketa. Skanderborg-Aarhus talde indartsuaren aurka jokatuko dute Artalekun, 20:45ean (ETB4/DAZN). Danimarkarrak sailkapeneko bigarren postuan dira, 14 punturekin, Fuchse Berlin boteretsuaren atzetik. Joaneko partidan, gainera, nagusitasunez irabazi zuten danimarkarrek (38-27).
Jacobo Cuetara prestatzaileak onartu du partida zaila izango dela gaurkoa, baina Artalekuren babesarekin neurketa irabazten saiatuko direla aurreratu du: “Beti pentsatu behar da partida guztiak irabaztea, hobeak izatea eta ahalik eta gorago geratzea. Aurkari zaila da, oso sendoa, oso ondo jokatzen duena eta jokalari desorekatzaileak dituena. Taldean oso ondo jokatzen dute, euren etxean gu baino hobeak izan ziren eta hemen partida irabazi behar da. Oso baja sentikorrak genituen eta hemen etxean Danimarkan baino askoz indartsuagoak gara. Zaleekin ikusiko dugu ea zail jartzen diegun”.
Gaurko partidara, gainera, Asobal Ligako azken neurketa irabazita iristen da Bidasoa. Denbora zeraman talde irundarrak Artalekutik at nagusitu gabe, eta zama hori kendu zuten larunbatean Valladoliden irabazita. Cuetarak ere garrantzia handia eman dio garaipen horri: “Poz handia izan zen. Taldeak nola ospatu zuen ikustea besterik ez dago. Baten batek zioen titulu bat irabazi genuela zirudiela. Presio bat genuen barruan eta kendu ahal izan dugu. Taldearentzat eta guztientzat oso garrantzitsua da. Ez zen egoera atsegina guretzat. Denbora asko generaman horrekin, eta erdibidetik kentzea pozgarria izan zen guztiontzat”.
Europa Ligako norgehiagokaz gain, ilusioa pizten duen beste partidetako bat jokatuko du Bidasoak asteburuan, Bartzelona ahalguztidunak bisitatuko baitu Artaleku. Parez pare duten aste “motibagarriaz” ere mintzatu da irundarren entrenatzailea: “Aste honetan bi partida oso motibagarri ditugu, oso politak. Gutxi dugu jokoan, esan beharra dago. Valladolideko partidak hiru aste ematen dizkigu emaitza garrantzitsu hori hausnartzeko, laugarren posturako lehian ondo kokatuta uzten gaituena. Galdu izan bagenu, Barça dator eta hiru aste egongo ginatekeen horretan pentsatzen. Ondo kokatuta uzten gaitu Guadalajarako partidari begira. Aste hau gozatzeko eta hobetzeko aste bat da, jokalariek azken herena bideratzeko modu hobea har dezaten, oso garrantzitsua baita”.