[Argazki galeria] Hasi dira V.Hondarribiko Olinpiadak
Jai giroan pasa dute goiza Hondarribiko Olinpiadetako 26 taldek. Arratsaldean, hondartzara abiatu dira herri kirolak egitera.

Gaur nabari da herrian zehar mugimendu bat dabilela. Bozgorailu baten soinuak zuzenean eramaten zaitu Madalen plazara, eta bertan, kolore askotariko kamiseta duten gazte talde asko ikusten dira. 26 talde, hain zuzen. Hondarribiko Olinpiaden lastargia piztu dute Josu Belea taldekoek, eta talde bakoitzak aurkezpena egin du jarraian.
Lastargiak ez duela ekaina arte piztuta iraungo, baina espero dutela herria luzaro piztuta mantentzea esan dute Josu Beleakoek. Txalo zaparradarekin erantzun diote parte hartzaileek hasierako agurrari.
Orain, bazkaltzeko tartea hartu dute taldeek, eta bakoitza bere kabuz antolatu da horretarako. Izan ere, hasieran Komite Olinpikoak hartu zuen antolaketaren zama, ondoren, talde guztien artean banatu zituzten zereginak egindako bileretan. Eta bazkariarena horrela egitea erabaki zuten, oraingoz, behintzat. Akaso, talderen bat edo beste bazkaldu denbora galdu esaera zaharraz fidatu da.
Laster, 15:30ean, elkartzeko deia egin dute eta denak batera hondartza aldera joango dira. Eguzkia atera da eta ez dute kokalekua aldatu behar izan. Hona hemen goizeko argazkiak:







































