Hondarribiko urte olinpikoa larunbatean hasiko da
Belaunaldi ezberdinetako 26 taldek parte hartuko dute 2023ko Hondarribiko Olinpiadetan. Taldeen aurkezpena eta lehenengo proba, herri kirolena, bihar izango dira.
Heldu dira 2023ko Hondarribiko Olinpiadak. Prestaketa luze joan den arren, dagoeneko lehiatzen ondo pasatzeko eta herri giroan murgiltzeko prest daude hondarribiarrak. Hasiera ofiziala bihar izango da, taldeen aurkezpen eta lehenengo probarekin.
Antolatzaileak «oso motibatuta» daudela aitortu dute. «26 taldek parte hartuko dute. Hasiera batean, lortu dugun erantzuna baino askoz ere txikiagoa izango genuela uste genuen. Horregatik oso pozik gaude. Taldeen konpromisoa ere oso handia izaten ari da. Hasi ginenean baino askoz ere ilusionatuago gaude orain», azaldu du Urko Iridoyk. Hasieran Komite Olinpikoak hartu zuen antolaketaren zama, ondoren, talde guztien artean banatu zituzten zereginak egindako bileretan.
Belaunaldi asko bildu dira edizio berri honetan. Helduenak gurasoak dira, gazteenak, berriz, 2004. urtekoak. Talde gehienak 1996etik 2001era urte bitartekoak dira. Bestalde, parte hartzaileengatik feedback itzela jaso dutela nabarmendu du Iridoyk, eta olinpiadek herrian ere eragina izan dutela sumatu dute: «Izugarrizko gogoak dituztela esaten digute eta egindako banderak edo elastikoak erakusten dizkigute. Eskerrak ematen dizkigute herrian horrelako zerbait antolatzeagatik, eta olinpiadak berreskuratzeagatik».
Taldeen aurkezpena eta lehen proba
Biharko 11:00etan Maria Madalena plazan bilduko dira. Bertan, taldeen aurkezpena egingo dute. Talde bakoitzak kamiseta eta bandera eraman beharko ditu. Olinpiada ofizialetan bezala, lastargia piztuko dute. Ohore hori Josu Belea taldearentzat izango da, azken edizioko irabazlearentzat. Ondoren, aurtengo edizioa hasteko partaiderik gazteenak eta helduenak diskurtso bana emango dute. Jarraian, talde argazkia egingo dute.
15:30ean plazatik kalejiran helduko dira hondartzara. Jokoek, 16:00etan hasi eta 19:00ak arte iraungo dute. Azkenik, Basque inguruan Quetoqueldealau txarangak girotuko du arratsaldea 22:00ak arte. Ekitaldiaren kokalekua eguraldiaren araberakoa izango da. Eguraldi txarra egingo balu probak Soroeta frontoira lekualdatuko lirateke.