[Erreportajea] Tattoo Kafeta egitasmoa Lakaxitan lurreratuko da
Presoak edo jazarpenaren kontrako proiektuak babesteko asmoz sortu zen Erroman. Tatuajeak, piercingak edota eskarifikazioak egiten dituzte. Topaketa hurrengo larunbatean izango da, martxoak 4an.
Tattoo Kafetak Lakaxita gaztetxea hartuko du datorren asteko larunbatean, martxoak 4an. Tattoo Kafetaren proiektua, baina, ezezaguna izan daiteke jendearentzat. Antolatzaileek azaldu dutenez, «dirua biltzera» bideratutako egitasmo bat da, «presoak edo jazarpenaren kontrako proiektuak babesteko asmoz» sortua. Topaketa horietan tatuajeak, piercingak, eskarifikazioak edo bestelako gorputz itxuraldatzeak egiten dituzte: «Tatuajea eta gorputzaren itxuraldatzea errebindikazio eta autogestio metodo ditugu sistemaren nahiz kartzelaren kontrako jarrera adierazteko».
Espiritu bereko proiektu horrek Erroman ikusi zuen argia lehenengoz 2007an, «espetxeen aurkako gaiak lantzen zituzten okupatutako hainbat espazioren laguntzarekin». Italiatik mundura zabaldu zela zehaztu dute Irungo antolatzaileek. 2012an Madrilera iritsi zen, eta Euskal Herrian 2022an lurreratu zen, Gasteizen, Errekaleorren.
Proiektuaren abiapuntua «kartzelen aurkako borroka» izan bazen ere, azkenaldian «itxialdiaren kontzeptua zentzu zabalagoan birplanteatu» dutela adierazi dute antolakuntzako kideek, «barroteak eta muga fisikoak» baino gehiago hartzen dituena, eta «gorputzetan, buruetan eta abarretan» egon daitekeena: «Uste dugu espetxeen aurka borrokatzeko ere zalantzan jarri behar dugula zein diren espetxeen euskarri diren gure egitura mentalak».
Tankera horretako proiektuek «lan ildo orokor» bat dutela esan dute antolatzaileek: asanblearismoa, horizontaltasuna eta ordainsaririk ez ematea: «Antolatzaile eta laguntzaileek ez dute etekin ekonomiko pertsonalik lortuko, Kafetak izaera militante nahiz kolektiboa du, non jarduera bakar bat bera ere ez dagoen beste baten gainetik». Gorputz itxuraldatzeez gain, topaketetan ikuskizunak, musika edota hausnarketa kritikoa bultzatzen dituztela baietsi dute. Horrez gain, lortzen dituzten etekin guztiak presoei laguntzera, gastu judizialetara eta errepresioaren aurkako proiektuetara bideratzen dituztela nabarmendu dute.
Tattoo Kafetaren helburua «eztabaidarako, elkartzeko eta hausnarketarako» gune bat sortzea dela nabarmendu dute antolatzaileek, «elkar zainduz». Hori dela eta, irmo azaldu dute topaketa horretan ez dela «inolako jarrera zapaltzailerik onartuko».
Egitarau zabala
Tattoo Kafetako antolatzaileek egitarau zabal eta anitza prestatu dute martxoaren 4rako. Lakaxitako ateak 10:00etan irekiko dira, eta masajistak, tatuatzaileak eta piercerrak hasiko dira lanean. Masajeekin Iker Bazterretxea arituko da, eta piercingekin @pedroanillador. Tatuatzaileak @rei_patanegra, @akabarrientos_tattoo, @_mim0s4, @sol.obo, @the_tattoo_wagon, @linen.tattoo eta @lucia._cervantes dira. Tatuatu nahi dutenek tatuatzaileekin zuzenean Instagram bidez kontaktatu edo 605 87 28 85 zenbakira Whatsapp mezu bat idatzi beharko dute. Higiene baldintza «optimo eta profesional» guztiak bermatuta daudela azaldu dute antolatzaileek.
11:30ean egingo da topaketaren aurkezpena. 12:00etan, Raul Cruz Contrahistoria aldizkariko kideak Kartzela eta tatuajea hitzaldia emango du, eta bere erakusketa bat ere egongo da ikusgai. 14:00etan sabelak betetzeko unea izango da; aukera beganoa eta haragijalea izango direla zehaztu dute. Bazkaria Reparation Dub taldeak girotuko du. 17:00etarako fakir erakustaldi bat ondu dute, eta 18:00etatik aurrera DJak eta kontzertuak egongo dira, 04:00ak arte. Honakoak izango dira Lakaxita girotuko dutenak: Txtura, Krin, Garapata, Aduana Marrana, Zumitrenko, Le Petit K eta Leihor, The Iiingles, Sua eta 8Bits.